Ez dakit deskantsatzen, ez disfrutatzen
Ez dakit deskantsatzen, eta are gutxiago disfrutatzen. Ez dakit gelditzen. Nekatuta nagoenean ere, kosta egiten zait sofan etzanda egotea; are gehiago pelikula bati begira; zer esanik ez serie bat ikusiz.
Ierari, Dorletari, Ahotsi
eta beste guztioi
Ez dakit deskantsatzen, eta are gutxiago disfrutatzen. Ez dakit gelditzen. Nekatuta nagoenean ere, kosta egiten zait sofan etzanda egotea; are gehiago pelikula bati begira; zer esanik ez serie bat ikusiz. Ez dakit gauzak gerorako uzten. Epe luzean egon da beti nire begirada, ortzimuga horretarantz pauso batzuk hurbiltzen nintzen aldiro zelan urruntzen zen ikusiz, beti baitzegoen zerbait berria lortzeko. Gailur batera kostata iritsi, eta, arnasa berreskuratu bitartean bertako parajeaz gozatu beharrean, hurrengo zortzimilakoei begira jarri izan naiz beti. Epe luzeko bizimodua eraikitze horren aitzakian, ez dakit epe laburra bizitzen. Ustez egokia den bizimodu horrek jaten dit bizitza. Garesti ordaintzen dut etorkizun on bat izateko aukera: orainaren truke.
Ez dakit ez deskantsatzen, ez disfrutatzen. Saiatzeko, lanerako, hobetzeko, saiatzeko, ekiteko, saiatzeko, zuzentzeko, saiatzeko, artezteko, saiatzeko, saiatzeko, saiatzeko programatu (barkatu, hezi) naute. Naizena erakusteko, demostratzeko, frogatzeko. Nahi dudan guztia lortu omen dezaket. Nahi dudan lekuraino iritsi. Ez dakit, baina, nagoen lekuan egoten, bertan goxo. Ez dakit naizena izaten (nor naiz, baina?). Ez dakit egin gabe egoten.
Kosta egiten zait nekea identifikatzea, baldin eta egunerokotasunaren martxa zoro, gurpil jarraikor horretan sartuta banago. Batzuetan, zorabioaren ertzean egon arte ez ditut hartzen hamar segundo eta bi arnasaldi oso, ahuldade hori nondik eta zergatik datorren jakiteko. Azkenaldian hasi naiz egiten hori, barruari galdetzen zer duen, zer behar, zer nahi. Barrura begiratu, eta harritu egin ohi naiz hor gosea, egarria, nekea edo saturazioa topatzen dudanetan. Horiek sentitu (edo sentitzen ditudala ohartu) barik, aurrera-aurrera-aurrera egiten nuen, egiten dut. Narras eroanez neke eta gose horiek guztiak, arrastaka eramanez neure burua, egin beharreko hori bukatu arte, izan beharreko hori erdietsi arte. Izan beharko ginatekeen horren check-list-a ez da inoiz amaitzen, ordea.
“Ez hartu antsietatea etsaitzat” esan zidan (feminista ere baden) terapeutak; entzun esateko duena. Ez zuela, ez zidala berbarik egiten esaten nion nik, terapeutaren iruzkin batek azkura egiten duenean erantzuna ateratzen zaigun modu horretan, apur bat pikatuta, apur bat kaktus jarrita norbera. Seguru egiten dizula, aldarri egiteraino; baina beharbada ez duzu aditzen. Eta orduan hasi nintzen arantzak biluzten eta antsietatea bera ezagutzen. Kasik hilekoa daukadanetik alboan dudan hori lagun egiten. Berari (eta, beraz, neuri) begiratzen, galdetzen. Bera (eta, beraz, neure burua) zaintzen.
Antsietatearen aldarri horietako bat da hitz egin ezin izateraino nekatzea burua, hizkuntza galtzeraino iristea. Mentalki erreta nagoen beste seinale batzuk izan ohi dira irakurtzeari eta pianoa jotzeari uztea; edo, hobeto esanda, ezin arreta mantentzea ez lerroetan, ez pentagrametan. Gorputzaren aldarririk ohikoenak, ia-ia egunerokoak: zorabioa, ahuldadea, dardara. Alegia, gosea edo nekea entzun ez, eta, aurrera-aurrera-aurrera jarraituta, oihuka jarri behar izan da gorputza, eta batzuetan baita lagun duen antsietatea ere, bien oihuak entzunda, gelditu, eta hamar segundo –bi arnasaldi oso– har ditzadan, neuretzat. Begira dezadan, niregana. Ez kanpotik, ezpada barrurantz. Eta izateko zintzoa neure buruarekin.
Zaila da norbere buruari egia aitortzea, baina are zailagoa egia hori munduari erakustea. Izan ere, zelan esan ozenki, zelan esan kanporantz, zelan esan sistema biolento honi (alegia, Sistemari) “nekatuta nago, gelditu egingo naiz” edo “lan hau biharko utziko dut” edo “txokolate taza beroa eta gurinaz bustitako ogia nahi ditut”? Zelan esan kapitalismo honi “geldialdi bat behar dut”? Zelan esan beste patriarkatu horri “bikinia hartuko dut, baina ez bikini-operazioa”? Zelan esan Descartesi “(hiper)pentsatu gabe ere banaiz”? Eta laneko baja eman nahi ez didan Mutuari “nahikoa produzitu dut, orain stop”? Zelan esan “EZ”? Zelan aldarrikatu “nahikoa da, nahikoa naiz”? Zelan aitortu “ezin dut, eta zer”? Zelan baieztatu “behar dut nire desira entzun, eta nahi dut nire desira ase”? Zelan esan eta berresan “oraingo azterketa honek ezin nau ebaluatu”? Ahoskatu daiteke egiatan “zaintza” hitza sistema honetan? Eta hitza artikulatu ahalko bagenu ere, ze semantikarekin hartzen da? Ze esanahi ematen dio Sistema kapitalista eta patriarkal honek hiztegiko sarrera horri? Zelan esan “ez”, zelan esan “nahikoa da, nahikoa naiz”, zelan esan “banaiz, egiten ez badut ere”… “Zuk nahi duzuna egin, baina ni bakean utzi” zelan esan dezaket? Zelan ostia esaten da “niregan dagoen min hau, berez, zurea da”?
“Nigan dago baina zurea da” diot, gure gorputzetan dagoen hori ez delako gorputzeko odol hezur gihar, ez da ez giltzurrun ez listu; Sistemaren burdina eta merkurioa dira, azala zeharkatuta gugan sartu direnak, organoen arteko lekua okupatuz eta haragia murtxikatuz, organikoa dena kutsatuz, natura kulturarekin bortxatuz, behar ditugun oxigenotik eta oxitozinatik lapurtuz.
Antsietatea eta gorputza eta burua aldarrika marruka oihuka egonda ere aurrera-aurrera-aurrera jarraitu dudalako iritsi naiz depresiora, zenbait aldiz. Egiteari uztera ausartu ez nintzelako utzi nion izateari, ia. Barrurantz beharrean, kanpora begira egotearren. Naizen itsasoa izan beharrean, edalontzi jakin batzuetan kabitzen ahalegintzeagatik (ez al da saiakera bera bortxatze bat?). Modu konkretu batekoa izatera behartzeagatik, eta neurri zehatz batean, gainera.
Neurri horiek, askotan, kuantifikatu egin daitezke: niretzat, zenbaki hauen alde batean egoteak esan nahi du desegokia naizela, eta bestaldera igarotzen banaiz, igaroarazten badut neure burua, orduan onargarria izango naiz.
Neska bezala sozializatuak izan garen guztiok apurka eta txikiak garenetik hiltzen gaituen dieta-kulturaren urteko momenturik lazgarrienean gauden honetan, udaren preludioan, onargarria izateko baskulak markatu beharko lukeen zenbakia datorkit burura; nire kasuan, 60 kilo da hori. Gehien torturatzen gaituen zenbakiaz galdetu, eta pisua aipatuko du lehenik jende gehienak (adina, bigarren), eta jende-multzo horretatik emakumeak izango dira gehiengoa.
Denok mutilatzen gaitu zenbaki horrek. Baina ez da bakarra: badaude beste batzuk, kortse batek bezala estutzen gaituztenak eta kaloriak ez baina lasaitasunetik, osasunetik, gozamenetik kentzen digutenak: soldata, esaterako, edo egin beharreko lan-ordu kopurua, kuadrillarekin eta jatorrizko familiarekin pasa beharreko konpromiso-egunak, azterketa batean atera beharreko gutxieneko nota. Kuadrillatik aspaldi askatu nintzen, eta jatorrizko familia ere bere lekuan utzita nire lekura etorri nintzen. Baina baditut, 60 kilo horien antzera, zenbaki batzuk buruan burdinaz gori eta gorri markatuta, etengabe eta betierean zauritzen nautenak: hilean 2.000 euro irabazten ez baditut, ez naiz nahikoa; azterketa garaian 8 ordu ikasi behar dira egunean, eta nire gutxieneko nota 9 izan behar da; osasunaren alde egunean eman beharreko 10.000 pausoek osasuna kendu didate azkenaldian; eta horrela beste hainbat mugarri-zenbakirekin.
Zenbaki-langa horietara iristeko hainbat mekanismo garatu dut umea naizenetik (merezi du azpimarratzea: umea naizenetik). Mahaian eserita estudiatzen nabilela, ura edatea eta ez uztea neure buruari txiza egitera altxatzen ez-dakit-zein orrialde edo ariketa bukatu arte; kontzentratuta nagoen orduak kontabilizatzea eta luzatzen ahalegintzea (horren kontrabariazioa da janariaren kaloriekin, gehiagorantz beharrean, gutxiagorantz eginda); parranda baten ostean etxeratzean ikasten jartzen nintzen, ezer produktiborik egin barik pasatako orduak errekuperatzearren (“gehiegi” edo “gaizkiegi” jaten nuenean botaka egiten nuenean bezala, konpentsatu nahian); kafea eta antsiolitikoak eta kafea eta azukrea eta kafea eta lo egiteko pilulak hartzea jarraitzeko-jarraitzeko-jarraitzeko; institutura edo musika eskolara iristeko etxetik neukan ordu laurdena estudiatzeko “aprobetxatzen” nuen, oinez joan bitartean; berezko insomnioaz gain, probokatutakoa nuen (antzera gose-ahuldadearekin); eta, horrela, hiperproduktiboa izateko eta, beraz, egoki bezain onargarri egoteko beste hainbat (auto-tortura) mekanismo.
Ulertuko duzuen bezala, niretzat esperientzia berria eta flipantea izan zen larunbat goiz batez jaiki ondoren ohera bueltatu eta bertan gelditu nintzenean, nahi nuena janez, mugikorretik bideoak ikusten denbora “galduz”. Ez dizuet gezurrik esango: agertu zen errua. Baina atearen zirrikitutik kikuka bezala, burua azalduz tarteka, joan-etorrian. Intermitenteki. Feminismoan eta terapian kontu hauek landu aurretik, jarraitua eta bortitzagoa izango zen erruaren presentzia; eta, zuzenean, ez nintzen larunbat goiz luze batez ohean geldituko, gaixorik egon barik.
Ez dakit deskantsatzen eta ezta disfrutatzen ere. Eta badakit zuk ere ez dakizula. Edo ari zarela ikasten, baina kostatzen zaizula. Badakit ez dakizula gelditzen. Badakit ez dakizula zeure buruari baimena ematen. Badakit zeure ingurukoak eta urrunekoak eta txakurra eta planeta zaintzen dituzula, baina ez dakizula mimo eta ulerkortasun hori zeuregana bideratzen. Arnasa hartzea ahazten zaizu batzuetan, badakit. Eta fisioarengana joateko denbora hartzea bizkarreko minez zaudenean. Beste batzuk lokartzen dituzu, baina zeure loari kentzen diozu, badakit. Hilekoak mintzen zaituelako behar duzun deskantsu eguna ez diozu emango zeure buruari, badakit. Eta ezta ere osasuntsua ez den baina gozo eta ondo sartzen zaizun tartekako janari hori, errua sentitu barik. Badakit badakizula laneko baja eskatzeko ez duzula zertan ZIUn egon, baina halere kostatzen zaizu gaizki zaudela esatea, badakit. Eskatzea, orokorrean, ezta? Eta laguntza zugandik aterata baldin bada, bai, baina zugana izanik ez, ezta? Badakit, bai. Badakit.
Ez dakigu deskantsatzen ez disfrutatzen. Ikasten eta desikasten ari gara, iraultzen eta eraldatzen. Zaintza baloratzen dugu, baina hasi gara autozaintzari ere tarteka kiku egiten. Terapiari eta feminismoari esker, neurri handi batean. Eta jarraituko dugu horretan, gure denon deskantsuaren eta gozamenaren bila.
Ez dakit ez ote litzatekeen borroka egiteko beste modu bat izango gure plazeraren bila joatea, sofan gelditzea, laguntza eskatzea, ezin dugula esatea, siesta egitea, ahal dugun arren ez dugula nahi aitortzea, erruari joateko eskatzea. Arratsaldea poesia ez-intelektuala irakurtzen edo masturbatzen pasatzea. Esnatu arren ohetik ez jaikitzea. Gose emozionala ase arte jatea, gose fisikorik gabe ere. Alua jan diezazuten gogoa duzula esatea. Negar egitea zarataka zotinka arrantzaka. Ume izatea. Greba egitea, egunerokotasunean ere. Orgasmatzea. Lo gozo, lo luze egitea.
Entzun diezaiogun antsietateari esateko duena, geure neurri propioak zeintzuk diren deskubritzeko, eta kanpotik eskatzen dizkiguten langa horietara iristeko gure ahaleginak uzteko. Aska ditzagun gehiegizko saiakera eta kezka, gehiegizko hobekuntza eta zuzenketa. Gelditu gaitezen. Sentitu gaitezen. Eta, horretara jarrita, Maria Arnali eta Marcel Bagési Ventura abestian “atreverse al deseo” entzun diegun bezala, ausar gaitezen gure plazerean murgiltzen.
Gehiago irakurri: