“Klima-aldaketaren ondoriozko hondamendi naturalek emakumeen aurkako sexu-indarkeria areagotzen dute”

“Klima-aldaketaren ondoriozko hondamendi naturalek emakumeen aurkako sexu-indarkeria areagotzen dute”

Uzma Yaqoob queer aktibista nekaezinak Islamabadeko familia-etxean hartu nau, hamar urteko militantzian hainbeste pertsona babestu dituen berean.

19/07/2023

Uzma Yaqoob. / Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Amak eta aitak beti sostengatu dutela dio Uzma Yaqoob queer aktibistak, haiek gabe ez zatekeela den bezalakoa izango, Pakistanen familiak pertsonen biografiaren ia ehuneko ehuna baldintzatzen duela.

Orain dela 10 urte Forum for Dignity Initiatives (FDI) sortzea erabaki zuenean ere lagundu zuten. Emakumeak* talde heterogeneotzat hartuta, baita LGTBIQ+ kolektiboan txertatuta ere, haiekin eta haientzat lanean hasi zen elkartea da, halako lehena Pakistanen. Onartzen du kide guztien arteko harremana ez dela idilikoa, cis emakume batzuek oraindik sexu biologikoa jartzen dutela diskurtsoaren erdigunean, pribilegioaren eta diskriminazioaren arrazoi nagusi gisa, eta horrek tirabirak eragiten dituela trans kolektiboarekin.

Kaxmir jatorrikoa eta musulmana, bere izenak –Yaqoob– ‘handitasuna’ esan nahi du, eta irri artean aitortzen du: “Lehen aldiz ezagutzen nautenengan espektatiba gehiegi sortzen dituela sentitzen dut”.

Txikitatik sentitu omen zuen ez-normatiboa zen ororekiko jakin-mina. “Gogoan dut trans emakumeak etxera etortzen zirela haur jaioberriak bedeinkatzera. Aitak ordaindu egiten zien trukean, eta gero alde egiten zuten. Kaletik segika, ezkutuan, bizi ziren dera edo etxe partekaturaino iristen nintzen, eta leihotik zelatatzen nituen. Shisha erretzen eta dirua banatzen ikusten nituen, zeremonia moduko bat zen”.

Zer pentsatzen zenuen?
Hiztegia falta zitzaidan ikusten nuenaz pentsatzeko. Eta gauza bera gertatu zitzaidan Bigarren Hezkuntzan, ikaskide batzuekin lehen ukituak bizi izan nituenean, batzuetan onartu gabeak. Zer zen hori? Zer ari zen gertatzen? Karitatezko izaera nabarmena zuten erakundeetan lan egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen, adibidez, sexu-langileekin egiten zen gauza bakarra preserbatiboaren inguruko kontzientziazioa zela; bezeroei kondoia jartzeko eskatu behar zietela eta abar. Nire nagusiari galdetu nion: “Lan hori seguru egin dezaten tematu ordez, zergatik ez gara saiatzen utz dezaten alternatibak sortzen? Zorionez, gaztaroko ideia “eroak” zirela esan zidan. Zorionez diot, FDI [Forum for Dignity Initiatives] sortzera eraman ninduelako.

Afganistango, Irango eta Indiako emakumeen egoerari buruz irakurtzen dugu, baina ezer gutxi iristen da zuei buruz planetaren beste aldera. Badirudi Pakistan inguruko herrialdeen itzal mediatikoan dagoela. Nola ikusten duzu?
Baliteke. Afganistanek eta talibanen erregimenak titular asko elikatzen dituzte. Iranek ere bai, batez ere Masha Amimi poliziaren esku hil zenez geroztik. Gure egoerarekiko desberdintasun nagusia da bai Afganistanen eta baita Iranen ere emakumeen aurkako diskriminazioa eta indarkeria legean oinarritzen direla, Estatua dutela atzean; legeak debekatzen edo mugatzen du emakumeek ikasi ahal izatea, lan egitea, askatasunez gidatu edo mugitu ahal izatea, 19:00etatik aurrera irtetea, elkartzea, norekin ezkondu eta nola jantzi erabaki ahal izatea. Pakistanen, independentziaren osteko 75 urte hauetan zehar, emakumeok gero eta ordezkaritza handiagoa lortu dugu esparru politikoan, baita juridikoan eta enpresetan ere, baina legeak eta gizartea ez doaz beti elkarren eskutik. Jendearen pentsamoldea aldatzea eta sustraitutako ohitura batzuk, adin txikikoen ezkontzak, adibidez, desagerraraztea da gure erronka nagusia.

FDItik salatu duzuenez, Pakistanen emakume bat bortxatzen dute bi ordutik behin, eraso horietako asko espazio publikoetan gertatzen dira, eta gero eta salaketa gehiago erregistratzen dira.
Sare sozialak funtsezko eginkizuna betetzen ari dira. Hemen, komunikabide independenteek 20 urte baino ez dituzte, eta, beraz, Gobernuaren kontrolpean jarraitzen dute. Sare sozialek, oraingoz, ihes egiten diote edozein araudiri, eta, batez ere gazteek, ez dute zalantzarik salaketa-mezuak edo irudiak partekatzeko.

Hala ere, auzipetutako erasotzaileen ehuneko lau baino gutxiago kondenatzen dute. Zergatik?
Prozesu geldoak direlako, biktimari denbora eta diru asko galdatzen diotelako. Familia batzuentzat ohorearen aurkako erasoa da, eta nahiago dute ezkutatu. Beste batzuek, nahi izan arren, ezin dute, baliabide faltagatik. Emakume batzuk saiatu egiten dira, baina amore ematen dute, publikoki eta galdera oso esplizituekin egiten diren polizia-galdeketetan birbiktimizatzen dituztelako. Beste batzuek lanpostuak galtzen dituzte nagusiek jakiten dutenean…

Gertatu berri den erasoetako bat, adingabe baten aurkakoa, Islamabadeko F9 barrutiko parke batean izan zen, egun argiz.
Hiriburuko Blue Arean, bai, herrialdeko enpresa nagusiek egoitza duten zonaldean; merkataritza-guneak eta eraikin instituzionalak daude bertan.

Kalkuluen arabera, 2025erako Pakistango biztanleriaren ehuneko 50 hiri-inguruneetan biziko da, alegia, 75,8 milioi pertsona inguru. Hiri hauek seguruak al dira emakumeentzat?
Bistan da ezetz. Ez daude prestatuta hainbeste jende hartzeko, eta modu kaotikoan hazten ari dira, azpiegiturarik eta oinarrizko zerbitzurik gabe. Hirietara datozen gizon gehienek landa-ingurunean aukerarik ez dagoelako emigratzen dute, klima-aldaketak gero eta deprimituago baitago. Garraiolari, taxi- edota rikshaw- gidari, mekanikari edo eraikuntzan aritzen dira. Lan oso prekarizatuak dira. Etenik gabeko 14 edo 15 orduko lanaldiez ari gara, oso estresagarriak eta osasungaitzak. Askotan, hori jasateko, droga estimulatzaileak kontsumitzen dituzte. Eta profil hori nagusitzen da sexu-erasotzaileen artean; horrela proiektatzen baitute beren frustrazioa eta antsietatea. Ez dago justifikaziorik, baina benetan uste dut sektore jakin horien erregularizazioak emakumeen aurkako sexu-indarkeria apalduko lukeela gure herrialdeko hiri handietan. Eta hezkuntza gehiago behar dugu, jakina.

Ba al da sexu-heziketarik eskoletan?
Ez. Urteak daramatzagu neska-mutilen automiaketa fisikoa eta bilaketa identitarioa sustatzearen garrantzia azpimarratzen; batzuek eta besteek elkarreragin handiagoa izan behar dute haurtzaroan, ez daitezen iritsi lehendabiziko sexu-harremanetara elkarren ezezagunak izanda. Baina eskola publikoek zein pribatuek uko egiten diote. Generoaren gaiari egiten diote erreferentzia txiki bat, eta ukitze onak eta txarrak zer diren ere aipatzen dute; Bizitzarako Trebetasunak izeneko irakasgai batean egiten dute, baina ikuspegi oso erlijioso batetik. Ondorioz, pornora jotzen dute argibide bila, eta horrek harreman oso bortitzak sustatzen ditu. Praktika horiek azken urteotan gertatzen ari diren bortxaketa-kasu askotan islatzen dira, eta adingabeek egiten dituzte.

Uzma Yaqoob. / Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Nola bizitzen duzue sexua nerabezaroan eta ezkontzatik kanpo Shariak edo lege islamikoak araututako herrialdean? Homosexualitatea kriminalizatuta gainera…
Gizonek mugitzeko askatasunaren pribilegioa dute, lagunekin elkartu edo etxera gonbidatu, atera… eta horrela gertatzen dira lehen esperientziak, homosexualak batzuetan, urruneko lehengusuen edo adiskideen artean, edota trans pertsonekin, bereziki irisgarritzat hautematen dituztelako; halakoak oharkabean pasatzen dira gainera. Edo pornoa kontsumitzen dute, partekatzen dute, komentatzen dute. Askatasun horrek historia paralelo asko ahalbidetzen ditu ezkontza ostean ere. Neska gazteen bizitza etxe barruan gertatzen da neurri handi batean, kontrolatuta, eskolara joateko edo senideren batek zainduta ez bada irten ezinik. Emakume gehienak, helduak izanda ere, mendekoak dira, eta ez dute berezko espaziorik lagunekin bakarka elkartzeko. Etxea aitarena edo senarrarena da. Horregatik, erlazio lesbikoak estaltzea, adibidez, askoz zailagoa da. Beren ingurutik unibertsitatera irten eta gero independizatzea lortzen dutenek pisukideak direla esaten diete senitartekoei.

Klima-aldaketa aipatu duzu lehen. Hain zuzen ere, Pakistan erasaten duten hondamendi naturalek landa-inguruneari eragiten diote gehien. Germanwatch erakundearen arabera, herrialde hau epe luzerako arrisku klimatiko globalak gehien kaltetzen dituen 10 herrialdeen artean dago. Zein da horren kostu soziala?
Guri dagokigunez, argi daukat: klima-aldaketaren ondoriozko hondamendi naturalek emakumeen aurkako sexu-indarkeria areagotzen dute. Familiek beren etxeak galtzen dituztenean eta desplazatuentzako eremuetan bizi beste aukerarik ez dutenean, emakumeek beren espazio seguruak eta ingurunea galtzen dituzte. Kanpalekuetan, ezezagunen artean bizi dira: segurtasun-perimetrorik gabe, aterik gabe, biziraupen eta zigorgabetasun giroan.

Eremu horietako batzuk bisitatu zenituen orain urtebete Balutxistanen, milaka hildako utzi zituzten uholdeen ostean. Zer ikusi zenuen?
Testigantza ikaragarriak entzun nituen. Adibidez, larrialdi zerbitzuetako boluntarioen plantak egiten zituzten erasotzaileek emakumeak bahitu eta bortxatu egin zituztela. Ekainean eta uztailean izan nintzen lehenengoz, eta urrian itzuli nintzenean konturatu nintzen, egoerak kronifikatzen direnean, etsipena agertzen dela, eta horrekin batera emakumeen zaurgarritasuna areagotzen dela.

Nola?
Uholdeak hasi eta lau hilabeteren buruan, jendeak ez zuen zer jan, eta familia batzuk 300 edo 500 dolar amerikarren truke beren alabak saltzen hasiak ziren. Inork ez daki non dauden. Haurren ezkontzek ere gora egin zuten; sabel bat gutxiago elikatzeko, eta diru pixka bat trukean. Arduradun politikoak asaldatu egiten dira ohartarazten diedanean, baina testuinguru horietan jendeak inoiz baino maizago izaten ditu sexu harremanak, baimenduta ala ez, eta haurdunaldi gehiago gertatzen dira. Utzikeriak zapuztuta bizi dira, ez dute beste zereginik… milaka familik urtebete geroago desplazatuta segitzen dute, eta montzoia ate-joka dugu berriro.

Gobernuak ez al du horren gaineko planik edo protokolorik zehaztu?
Alderdi politikoei ez zaie familia-plangintza interesatzen. Jende gehiago, lan-banku handiagoa. Batez ere Balutxistan bezalako urruneko eta biztanle gutxiko eremuetan. Guk behin eta berriz esaten dugu emakumeentzako espazio seguruak sortu behar ditugula kanpalekuetan, baita haien intimitaterako eta higienerako ere. Presio egiten dugu larrialdi-zerbitzuek kaltetutako familiei ematen dizkieten erreskate-kitetan preserbatiboak eta abortu-pilulak sar ditzaten, gizon askok kondoia jartzeari uko egiten diotelako.

Paradoxikoki, uholdeek gehien kolpatzen dituzten eremuak lehorte larrienak pairatzen dituztenak dira.
Bai, orain ia ez duelako euririk egiten urtaro hezetik kanpo. Lehorteek ere emakumeei eragiten diete bereziki, beraiek arduratzen baitira urarekin zerikusia duten lan guztiez: garraiatu, sukaldatu, garbitu… Estres maila oso altuak jasaten dituzte, eta beren seme-alaben shock egoerak edota trauma osteko estres sintomak ere kudeatu behar dituzte, baita eurenak beraienak ere. Baina osasun mentala ezezagun handia da Pakistanen, are gehiago gainerakoei atsegin emateko heziak diren emakumeentzat. Osasun mentala hemen, oraindik ere, erokeriarekin lotzen da, eta hori guretzat tabua eta desohoragarria da.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba