Tokiko hizkuntzak, faxismoaren aurkako antidotoa
Identitate-hizkuntza binomioa funtsezkoa da neocon taldekoentzat, hizkuntza, herri eta nazio baten ideal nazionala baitute oinarri. Hizkuntza-jazarpenak homogeneizazio kulturalari bide ematen dio. Horren aurrean, jatorrizko herrien hizkuntzak dira faxismoaren eta kapitalismoaren aurkako arrakala.
1881an, Eliézer Ben Yehudan lexikografo juduak Alemaniatik alde egin eta Palestinara (lurraldea Otomandar Inperioaren menpe zegoen) emigratu zuen, ideia berritzaileak garatzeko eta diasporako bizimodua alde batera uzteko. Garai horretan, hebreera ia ez zen hitz egiten, eta hiztegi guztietan hizkuntza hilen kategorian sartzen zuten: oso lexiko murriztua omen zuen (zortzi mila hitz inguru), eta hizkuntza arkaikoa zen; biblikoa, funtsean. Ben Yuhudanek hizkuntza liturgikoa modernizatzeari ekin zion, eta yiddish-a eta eskualdeko beste dialekto batzuk ordezka zitzakeen hizkuntzan hasi zen lanean. Xedea: munduko judu guztien arteko komunikazio bidea sortzea. Hala, hamazazpi liburuk osatutako hiztegi bilduma sortu zuen: Thesaurus Totius Hebraitatis. 1890an, hizkuntza hebreeraren komisioa sortu zen, eta 1948an, Hizkuntza Hebreeraren Akademia. Israelgo Estatua sortu zenean, eta mundu osoko hainbat herrialdetako juduak Lurralde Santura lekualdatzean, hebreera hizkuntza nazional bilakatu zen, eta hebreera ikasten hasi zen jatorriz ingelera, errusiera, alemana eta bestelako hizkuntzak hitz egiten zituen oro. Hizkuntza-identitatea-estatua hirukoa agertu, eta beste potentzia kolonizatzaile genozida bat asmatu zen.
Hegemonia eta subalternitate linguistikoa
Israelgo Estatua ez da hizkuntzari berebiziko garrantzia eman dion estatu bakarra, ezta uniformazio (homogeneizazio?) linguistikoa eta identitarioa xede izan duen bakarra ere. Datu interesgarriak daude Joan Mari Torrealdai idazleak eta soziologoak idatzitako Asedio al euskera, más allá del libro negro liburuan. Esatera baterako, Marie-Clemance Perrot historialariak baieztatu du Frantziako Iraultzaren garaiko Errepublikako hiritarren laurdenek ez zekitela frantsesa, eta hamarren batek bakarrik hitz egiten zuela naturalki. Ideia iraultzaileak hedatzeko eta Errepublika zatitzeko arriskuaren aurrean, hizkuntza politikak inposatzen hasi ziren. Patois-ak (dialektoak) kontrairaultzailetzat hartu, eta jakobinoek debekatu egin zituzten frantsesa ez ziren hizkuntzak; haien artean, euskara. Egun, frantsesa munduko hamaika herrialdetako hizkuntza ofiziala da. Kontrara, Frantziako Estatuak ez du euskara hizkuntza ofizial gisa aitortu. Iraultzaren eta askatasunaren hizkuntzak itzal egin ziezaioketen hizkuntza guztiak lurperatu zituen. Ilustrazioa & Antzinako Erregimena. Hegemonia & subalternitatea. Maialen Sobrino itzultzaile nafartarrak dioen moduan, hizkuntzak ez dira “galtzen” edo “hiltzen” giltzak galtzen edo izakiak hiltzen diren moduan: zapalduak izaten dira botere-harreman desorekatuen ondorioz a, eta beste hizkuntza batek ordezkatzen ditu.
Hizkuntza: bizitoki dugun lurralde kognitiboa
Izatez, hizkuntzaren bidez ulertzen eta interpretatzen dugu errealitea, eta hori ondo jakin izan dute hainbat mugimendu zapaltzaile eta faxista historikok (eta gaur egungoek). Hizkuntza komunikazio bidea baino gehiago da: hizkuntzak identitatea sortzen du, eta identitateak kolektibotasuna, gutasuna. Maialen Sobrino Yasnaya Elena Aguilarre idazle eta hizkuntzalari mexikarraren hitzez baliatzen da hizkuntzaren boterea azaltzeko: “Hizkuntza dena zeharkatzen duen lurralde kognitiboa da, bizitoki dugun lurralde kognitiboa”. Argi du nafarrak: “Ez dugu hizkuntza bat edo batzuk, hizkuntza bat edo batzuk gara”. Hain zuzen ere, horregatik hainbat hizkuntzak hizkuntza-jazarpena jasan dute historikoki. 1550. urtean, adibidez, Carlos V.ak ordenantza bat onartu zuen herri indigena guztiek gaztelania ikas zezaten. Ildo beretik, 1595an, Orihuelako (Alacant) Jose Estevan apezpikuak Felipe II.ari zuzendutako gutun batean moriskoen jazarpena justifikatu zuen: «Quando los pueblos estan sugetos a un mismo imperio, los vasallos tienen la obligación de aprender la lengua de sus dueños». Herri ijitoaren kontrako 230 lege ere ezarri ziren, haien artean, kaloa debekatzen zutenak. 1936an, Lizarrako Ricardo Sanz komandante faxistak “se acabó el Gora Euzkadi”, estamos en tiempos de “Viva España” diskurtsoa bota zuen. Espainiako Inperioaren izenean, euskararen, kaloaren, arabieraren, hizkuntza indigenen, galizieraren, katalanaren, valentzieraren, asturieraren, extremeñoaren eta aragoieraren kontrako sorgin-ehiza gertatu zen.
Alderdi eskuindarren ofentsiba
Gaur egun, alderdi neokon-ak sorgin ehiza propioa burutzen ari dira Espainiako Inperioaren izenean eta Francok hain ondo inposatutako ideal nazionala (hizkuntza bat, herri bat, nazio bat) goiburu hartuta. Patricia Simonek Pikara Magazinen argitaratutako Mordaza contra las feministas artikuluan zera dio: “La ola reaccionaria que recorre el mundo, así sea en forma de neofascismo ultraconservador o de islamismo radical, se nutre de una desaforada misoginia que se ceba especialmente con aquellas mujeres que desafían el orden social teocrático, vertical y heteropatriarcal que busca reinstaurar”. Estatuaren, familiaren eta bizitzaren etsai potentzialak ezabatzeko eginkizuna eta beharra du alderdi ultra-eskuindarrak. Eta marikoiak, bilduetarrak, trans-ak, emakumeak, sudakak eta beltzak status quoa-ren etsai arriskutsuak dira. Horien artean “zorra separatistak” daude, Javier Ortega Smith-Molina VOXeko idazkaria nagusiaren arabera, “hitz asmatuak” dituen hizkuntza bat hitz egiten dutenak (euskara batua), “euskalki ezberdinetatik datozenak” eta “ulertzen ez direnak”. Horren emaitza da gorroto bidez polarizatutako neokontserbadurismoa, Vox ezinbestekotzat jotzen duena eta ez eskuin muturreko alderditzat.
Ez da harritzekoa, beraz, azken kanpaina politikoan Santiago Abascalek botatako diskurtso berean menak, euskara eta trans legea agertzea. Beste modu batera esanda, ez da harritzekoa ideologia faxistaren ofentsibaren eskutik joatea zapalkuntza linguistikoa, patriarkala, inperialista, kolonialista eta arrazista. Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoaren ustez, “faxismoa estatu-nazioetan oinarritutako nazionalismoan oinarritzen da, eta horretarako, identitate kolektiboaren erdigunean egongo den estatu hizkuntza bat sortu behar du, hizkuntza nazio-estatuaren identitatearen oinarri bihurtuz”. Kanpoko guztia proiektu horren kontrako zerbait da, eta identitate modu bat soilik jotzen dute zilegitzat.
Bada, mendekoarekiko gorroto hori urrundik datorren arren, Patricia Simonek aipatzen duen olatu erreakzionarioa Europako eta mundu osoko txoko askotan hedatzen ari da, eta ez dira gutxi izan eskuinak euskara dinamitatzeko egin dituen saiakerak. 2020an, Javier Maroto Arabako PPko diputatugaiak Kongresuan proposamen bat aurkeztuko zuela iragarri zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostu publiko bat lortzeko orduan euskara “oztopo” edo “arma jaurtitzaile” izan ez zedin. Hau da, Alderdi Popularreko hautagaiak sektore pribatura mugatu nahi zuen euskara nahiz eta hizkuntza ofiziala izan. Eta Lorea? Gogoratzen al zara Lorea gajoaz? Urte bereko urtarrilean, PPk bideo bat argitaratu zuen, zeinaren protagonistak, Loreak, ezin izan zuen ur mozketa baten berri ematen zuen komunikatua ulertu euskaraz ez zekielako. “Loreak ez daki euskaraz eta, horregatik, ezingo du mozketa aurreikusi”, zioen kontserbatzaileen iragarkiak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek (EAJ) argitu behar izan zuen udal jakinarazpenak bi hizkuntzetan egiten zirela.
Homogeneizazio kulturala
Nafarroako kasua, lengoaia orwelliarra erabiliz, paradisu bat da euskaldunentzako. 2001ean, Miguel Sanzek, Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, adierazi zuen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez zela elebiduna izango, “hori luxu asiatikoa izango litzatekeelako, eta hau ez da Asia”. Nondik dator Nafarroako unibertsitate publikoan euskaraz ikasi ezin ahal izateko ahalegin hau? Eta zer dago EAEko organismo publikoetan euskara ez erabiltzearen atzean? Lehen esan bezala, faxismoak identitate bakarra egin du zilegi, baina, gainera, Eskisabelen ustez, kapitalismoa “homogeneizazio kulturala” bultzatzen ari da gizartean: “Kapitalismoari interesatzen zaiona da jende eta hiritar mota bera egotea Bilbon, Baionan eta Singapurren, bizi-estilo zehatzen kontsumora bideratutako gizartea”. Baina, antropologoaren ustez, hizkuntza ez-hegemonikoek bestelako komunitate batzuen sorrera eragiten dute: komunitate kulturalak, alegia, bestelako desio eta bestelako bizi modu desiragarriak proiektatu eta sortuko dituzten komunitateak. Funtsean, kapitalismoa arrakalatuko duten hizkuntzak.
Jean Louis Colvet hizkuntzalari frantsesak bere Linguistika eta Kolonialismoa liburuan idatzi du herriaren hizkuntzaren aldeko hautua egitea dela identitate kultural bat oinarritzat duen borrokaren alde egitea, edo hizkuntza hegemonikoaren aurrean hizkuntza hori hitz egiten zuen edo duen herriaren existentzia eskubidea aldarrikatzea. Arrakalak sortuko dituen hautua, alegia. Bere partetik, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetariek Trikua Esnatu da liburuan diote hizkuntza eskubideak baino gehiago direla: “Ez dira soilik hizkuntza eskubideak, ez dira soilik genero berdintasunerako eskubideak. Pertsonak erabakimen osodun eta pareko izatearen auzia jokatzen da bi borroka horietan. Eta, gainera, ez dira borroka partzialak, totalak baizik”. Autore biek faxismoaren eta homogeneizazioren kontrako antidotoa proposatzen dute: “Diferentziak gordetzea, subjektibitate neoliberalez aparteko norberatasuna lantzea, horretarako humusa sortzea, zirrikituak eratzea, mundu totalari kanpoaldea eskaintzea”.