Filosofiak ez digu komuna garbituko, baina…
Gazan genozidio bat gertatzen ari den honetan, Urbasako Pilatosen Begiratokia biolentzia matxistaren sinbolo den honetan, Filosofiaren baloreaz hitz egitea friboloa dirudi. Baina munduak behar (bizi) duen iraultza, filosofikoa izango da, edo ez da izango.
Komuna garbitu barik duzu eta 21:00etan heldu zara etxera, lan egun nazkagarria eta gero. Gazan genozidio sionistak jarraitzen du, gaur ere bai, azken 70 urteetan bezala. Bitartean, lan baldintza duinik ez duen emakume batek (arrazializatua seguru asko), Bilboko Arenaleko hotel israeldarreko logelak garbituko ditu. Bihar botaka egiteko gogoaz hasiko duzu goiza, alaba eskolako gela goiztiarrean utzi behar izan duzulako negar batean, lantokira garaiz heltzeko. Arduratuta, anbulategira deitu eta pediatrarako txanda hartu nahi duzunean, telefonikoa izan behar duela esango dizute. Gazteleraz atendituko zaituzte, nahiz eta zuk pediatra euskalduna izateko hiru eskari egin dituzun txikia jaio zenetik. Hautetako zein gatazkari egingo dio aurre Filosofiak? Bateri ere ez edo guztieri, Filosofia ulertzeko dugun moduaren arabera.
Artikulu hau idazteko probokatu nauen horrek, galdera handia planteatu dit: Zein balore du Filosofiak gaur egun ikuspegi feministatik? Nik ez dut galdera horren erantzunik. Baina hiru hitz etorri zaizkit burura galderaren sakontasunari begira jarri naizenean.
Pazientzia
Filosofiak pazientzia behar du, nik (eta inguruan ditudan Filosofiaren aktibistak askok) Filosofia ulertzeko dugun moduaren arabera behintzat. Denbora behar du, bakarrik zein komunitatean egoteko, denok seguru sentitzeko, lasai, galderak airera botatzeko, erantzun posible guztiekin dantzatzeko, bestearen erantzuna enpatiaz entzuteko, galdera berriak formulatzeko behin eta berriz, bota duzun azken erantzuna zalantzan jartzeko… hori ezinezkoa da kapitalismoaren erritmoan, antsietatearen erritmoan. Horrek gelditzea eskatzen du, barrura zein ingurura begiratzea. Pazientzia. Kapitalismoaren erritmoak apurtzea da iraultza feministaren erronketako bat.
Filosofiak pazientzia behar du. Hori ezinezkoa da kapitalismoaren erritmoan, antsietatearen erritmoan
Plazerra
Solasaldi filosofiko komunitarioak zein hausnarketa filosofiko indibidualak plazer iturri ikaragarriak izan daitezke, espazio seguru bihurtzen baditugu. Emakumeok*, historikoki, solasaldi argudiaturako elkartu gara, filosofia egiteko; diskurtso patriarkalak deslegitimatu nahi izan du ariketa antikapitalista, erradikal eta gozagarri hori; nahiz eta hori bera zen Platonek, Aristotelesek edo existentzialistek egiten zutena, elkartu filosofia egiteko. Helburu produktibistarik gabe elkartzea (hitzaren zentzu kapitalistean ulertuta), solasteko, partekatzeko, elkar elikatzeko eta mundua pentsatzeko. Bigarren hezkuntzako filosofia irakaslea naiz; ikasle gehienek ez dute filosofia egitea plazerrarekin lotzen, eman diguten eredua ez baita hori. Baina plazer hori esperimentatzera heldu izan direnean, eskertu dute. Filosofia egitearen plazerra sentitzeko, baldintzak sortu behar ditugu. Plazer antikapitalista eta feministetan arakatzea da iraultza feministaren beste erronketako bat.
Iraultza (feminista)
Intimoenetik globalenera (pertsonala politikoa da esaldiari jarraituz beti), bizitza bizigarri egiteko irauli egin behar dugun horretan guztian, filosofiaren galdera handiak zabaldu behar ditugu, horietatik beste galderak sortzeko. Horretan datza filosofiaren gakoa, galdera onak formulatzean, garaian-garaikoak eta tokian-tokikoak. Zer da askatasuna? Zer da gizakia? Zein da gobernatzeko modurik onena? Zelan ezagutu dezaket?… Horiek dira filosofiaren sorreratik ditugunak eta hortik eratorri dira feminismoaren adar eta korronte guztietatik, pentsamendu feministaren historian zehar, garaiko gatazkei aurrez-aurre begiratzeko sortu ditugunak: Zer da bizitza bizigarri bat? Nork erabaki dezake gure gorputzei buruz? Zer da zaintzak erdigunean jartzea? Zelan eraikitzen ditugu gobernatzeko eredu feministak? Zer da maitasuna? Galdera eder bezain deserosoen zerrenda infinitua da eta, horiek sortzen jarraitzea ere bada iraultza feministaren erronka. Davisek, Beauvoirrek, hooksek, Weilek, Butlerrek, Preciadok, Zigak, Goikoetxeak… galdera horiek formulatu dituzte, bakoitzak iraultzaren aspektu berriak mahai gainean jarriz. Batzuetan, horien lan bikainetara jo barik ere, lagun, ama zein etxeko langileek ere zabaltzen dizkigute atzera bueltarik ez dituzten galderak, ahulkitik altxarazten gaituztenak. Marina Garcesek ondokoa dio: “Norberarengatik pentsatzea, ezarritako errealitateak jakintzat jotzen duenari buruz galdetu ahal izatea da. Hau bezain erraza eta arriskutsua”.
Filosofia guztiona da eta leku anitzetan dago (eta gehiagotan egon beharko luke), nahiz eta, espazio batzuetan, estatus hori eman ez zaion.
Agora Filosofia Elkarteak urteak daramatza filosofiaren zabalpenean eta defentsan. Helburuen artean Filosofia herritaratzea du; hau da, Nietzscheren liburuetan zein EHUko Donostiako Fakultateko eskoletan egiten dena baino askoz gehiago (eta beharrezkoagoa) dela ulertaraztea. Filosofia egiteak ez duela zertan Ontologia, Epistemologia edo Inperatibo Kategoriko bezalako hitzak erabiltzea inplikatzen. Filosofia guztiona da eta leku anitzetan dago (eta gehiagotan egon beharko luke), nahiz eta, espazio batzuetan, estatus hori eman ez zaion.
Agora Filosofia Elkarteak hileroko dinamika du Kafe-Pote Filosofikoena. Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan antolatzen ditugu. Urtarrilean, Bilbon, Mari Luz Esteban izanko dugu gonbidatu eta ondorengoa izango da abiapunturako galdera: “Zelan baldintzatzen gaitu adinak?”. Euskal antropologo feministak sarrera egingo dio gaiari, airean hainbat galdera utziz. Ostean, bertan bilduko garenok hartuko dugu hitza eta ordu bete luzez egongo gara gaiaz solasean, filosofatzen. Asko ez dira ausartuko hitza hartzera, baina beren buruetan galderak egin eta erantzungo dituzte. Batzuk etxera eramango dituzte galdera horietako asko eta, baten batek, komuna garbitu bitartean, horien erantzun posibleak izango ditu buruan. Filosofiak ez du komuna garbituko, baina, kasu hortan, zertan entretenitu eman dio egingo zuen horri (edo, behingoagatik, komuna beste batek garbitu dezala erabakitzera eramango du, kasurik onenean).