Hauteskundeak 2012. Aldaketa feministarako bidean haziak ereinez
Euskal Herriko Bilgune Feminista
Saioa Iraola Urkiola, Joana Aurrekoetxea Arratibel eta Idoia Trenor Zulaika
Aurtengo hauteskundeak bereziak izango dira, urteetan alboratu eta ilegalizatutako proiektu politikoak hautagai izango baitira. Normalizazio politikoaren bidean proiektu politiko guztiek aukera izango dute EAEko hauteskundeetan parte hartzeko.
Emakumeok ohituta gaude hitz hutsalak entzutera, baita paperean idatzita eta kaxoian sartuta gelditzen diren asmoetara ere. Kontaezinak dira berdintasun […]
Euskal Herriko Bilgune Feminista
Saioa Iraola Urkiola, Joana Aurrekoetxea Arratibel eta Idoia Trenor Zulaika
Aurtengo hauteskundeak bereziak izango dira, urteetan alboratu eta ilegalizatutako proiektu politikoak hautagai izango baitira. Normalizazio politikoaren bidean proiektu politiko guztiek aukera izango dute EAEko hauteskundeetan parte hartzeko.
Emakumeok ohituta gaude hitz hutsalak entzutera, baita paperean idatzita eta kaxoian sartuta gelditzen diren asmoetara ere. Kontaezinak dira berdintasun planak martxan dituzten udalak, instituzio publiko politiko anitzetan dauden lege eta neurriak, onartzen diren protokolo eta araudiak. Baina emakumeon egoerak okerrera besterik ez du egiten. Inoiz baino pobreagoak gara, indarkeria sexista kasuek gora doaz eta jarraitzen ditugun ereduak ez dira aldatu.
Bizi dugun krisi sistematikoak gainera ez du gure egoeran hobekuntzarik ekarriko. Instituzio publiko politikoek krisiarekin amaituko dutela entzun, entzun dugu; baina baita konturatu ere, hartutako neurriak eta uda honetan Espainiako Gobernuak martxan jarritako shock politika ankerrek herritarron kontra eta sexu bereizkerian sakontzen duten neurriak direla, eta ez benetan krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak.
Emakumeon aurkako zapalkuntzak bere horretan dirau, sistema patriarkala gaur egungo errealitatera besterik ez da egokitu. Eta horren aurrean, instituzioen eta hauek kudeatzen dituzten alderdi gehienen jarrera ez da aldatu. Emakumeon zapalkuntza kasurik onenean politikoki erabiltzen dute, bozka gehiago ekarriko dizkielakoan. Beste batzuetan, aldiz, azaleko aldaketa besterik eragiten ez duten borondate politiko eskaseko politika publikoak jarri dira martxan, soilik, politikoki zuzena delako. Eta askotan, zoritxarrez oraindik ez da ezta egiturazko zapalkuntza hau politika publikoen kudeaketan kontuan hartu ere egiten.
Hauteskundeen atarian gauden honetan, Euskal Herriko Bilgune Feministatik honakoa adierazi nahi diegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kudeatzeko prest dauden guztiei:
– Emakumeon zapalkuntza egiturazkoa da, beraz etorriko den aldaketak gaur egungo egituren aldaketa erradikala ekarri behar du. Egoeraren azalean eta modu indibidualean eragiten duten erreformek ez digute balio. Gure zapalkuntzaren dimentsio politiko, ekonomiko eta ideologikoa kontutan hartuko duten politika publikoak martxan jartzea exijitzen dugu.
– Emakumeon egoera aldatzeko pausoak emateko borondate politikoa exijitzen dugu. Eraldaketa helburu izango duten bitartekoak martxan jarri behar ditugun arren, bide horretan emakumeon bizi baldintza kolektibo zein indibidualetan eragina izango duten neurriak hartzea ezinbestekoa da eta momentuan dauden zerbitzuen eraginkortasunaren alde lan egitea beharrezkoa da.
– Martxan jarriko ditugun politika publikoek emakumeon parte hartzea ahalbideratu behar dute. Bide horretan ezinbestekoa da mugimendu feminista mintzakide politiko gisa onartu eta parte hartze zuzenerako espazio demokratikoak sortzea.
– Guzti hau aurrera eramateko ezinbestekoak diren herritarron beharretara egokituko diren aurrekontuak sortzea eskatzen dugu. Hasi dira krisi ekonomikoa argudiatuta hasiak dira arlo sozialerako, berdintasuna lortze bidean eginiko politiketarako, e.a. aurrekontuak murriztuko dituztela esaten. Kasurik okerrenetan, Bizkaian adibidez, indarkeria sexista jasandako emakumeei eskainitako arretari dagokionean, orain arte asistentziara mugatzen ziren zerbitzuak kendu eta lan bolondres gisa betetzea planteatzen ari dira. Baina, kasurik onean Mugimendu Feministaren borrokari esker lortu da indarkeria sexistaren inguruko Aresek mahai gaineratutako aurreproiektua bertan behera gelditzea, zeinetan, emakumeok biktimizatzea zen oinarria.
Beraz, ezinbestean, diru publikoaren kudeaketan emakumeon parte hartzearen eta eztabaidaren ondorioz sortu eta erabakiko ditugun aurrekontuak behar ditugu.
Hitz emateak aldera batera utzi eta benetako demokrazia parte-hartzaile baten aldeko apustua egiteko deia egin nahi diegu alderdi politiko guztiei. Halaber, sexuen arteko harreman hierarkikoak gaindituko dituen politika feministak garatzeko unea iritsi dela deritzogu. Feministok bide honetan lanerako prest gaude!