Alex Sardui, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago
Gatibu taldeko abeslariaren hitzak salatu dituzte 150 euskal musikarik baino gehiagok. Alex Sarduik esan zuen musikagintzan ez dela diskriminaziorik egon.
Gatibu taldeko Alex Sardui / Argazkia: Luistxo (Wikipedia Commons)
Musikan gabiltzan Euskal Herriko emakume feministok eta identitate disidenteok Alex Sarduik El Diario.es-en egindako adierazpenei erantzun bateratua emateko hautua egin dugu. Bere esanetan, musikagintzan ez da existitzen eta inoiz ez da egon diskriminaziorik. Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, eta denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta.
Musikaren munduan “inoiz ez dela diskriminaziorik egon” adieraztea oso larria da, emakume* askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok* aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen ditu. Datuek ideia hori gezurtatzen dute, eta agerian uzten dute musikan genero-diskriminazioa benetako arazoa dela.
Era berean, duela urte batzuk emakume* gutxi zeudela esatea gezur eta akats galanta iruditzen zaigu. Beste behin, sektorearen portzentaia handi baten egoerarekiko interes faltaren eta, ondorioz, informazio faltaren adierazle garbia da.
Funtsean, adierazpen horiek garbi uzten dute euskal musikan (beti) lehendabiziko planoan egon den gizon baten ikuspuntua. Ez dela diskriminaziorik, ez duela ikusi. Ez dela jarri ere egin gure ahotsa aditzen. Ez dira alferrik egin hainbat dokumental, mahai-inguru, elkarrizketak, bizipenak azaleratzeko ekintzak, podcastak… Ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu. Oso eroso dagoen baten hitzak dira. Eta azken urte hauetan ikusgarritasuna landu den bezala landuta, musikaren munduko beste ahots batzuk entzuteko gogo gutxi eta interes falta asko igartzen
zaio.
Lauzpabost baino gehiago gara, lauzpabost baino gehiago izan gara beti… eta antolatuta gaude!