Astakeriak Trumpen eta beste batzuen ahotan, espetxea emakumeen bizitzan
Badirudi boto gehiagoren truke eskubide batzuk ezabatu daitezkeela. Abortatzeko eskubidearen urraketak emakume askoren bizitzetan duen eragina ezagutzen dugulako sumintzen gara.
Mi voz mi decisión ekimenaren aurkezpena La Sinsorgan, Bilbo.
Duela aste batzuk Donald Trump AEBko lehendakarigaia entzun genuen telebistan honako hau esaten: bere herrian, haurra jaio ostean abortua baimentzen duten Estatu demokratak daudela.
Pertsonaia ikusita, ideia zentzugabea eta inprobisatua dirudi, baina faltsukeria hori bera 2019an Adolfo Suarez Illanari, garai hartan Madrilgo PPko bigarrena zenari, entzun genion, ziurtatuz New Yorken “jaio ondoren abortua baimentzeko lege bat onartu berri zela”.
Duela gutxi, 2022an, Hungariako Orbanen Gobernuak dekretu bat onartu zuen, abortatu nahi duten emakumeak umekiaren bihotzaren taupadak lehenago entzutera behartzen dituena. Proposamen hori ere, hemendik hurbilago, Voxeko diputatu bati entzun genion, Gaztela eta Leonen, hain zuzen ere.
Pilula labur hauek ikusarazten digute, gure gizarteetan ere, gero eta indar handiagoz ageri den eskuin muturrak, emakumeen eskubideen aurkako argudioa partekatzen duela, batez ere, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen aurka.
Badirudi boto gehiagoren truke eskubide batzuk ezabatu daitezkeela
Pertsona batzuek ideia horiek partekatzen dituzte, beste batzuek “ze astakeriak esaten dituzten” esaten dute eskuak burura eramanda, beste batzuek deritzote jada zaharrak eta gaindituak dauden gaiak direla. Baina bagaude biziki sumintzen garenak ere. Badirudi emakumeen giza eskubideak ez direla garrantzitsuak eta boterea lortzen duenaren esku daudela. Begira diezaiogun Argentinari, Afganistani, leku batzuk bakarrik aipatzearren, zerrenda zehatz bat egitea ezinezkoa litzateke eta; badirudi boto gehiagoren truke eskubide batzuk ezabatu daitezkeela. Abortatzeko eskubidearen urraketak emakume askoren bizitzetan duen eragina ere ezagutzen dugulako sumintzen gara.
Umekiaren taupada entzutearen beharra abortua erabat zigortzen duten estatu askoren lehen urratsa da. Behin eta berriz aditzen ditugun argudio horiek lege bihurtzen dira, eta nori eragiten diote nagusiki? Herrialde horietako emakume pobreei, espetxean ere amaitzen baitute. Argi dagoelako baliabide ekonomikoak dituzten emakumeak abortatzen jarraituko dutela eta baliabide horiek ez dituztenak egingo dutela edo saiatuko direla, beren osasun eta bizitzarako arrisku handia bada ere.
Egun hauetan, El Salvadorren, Agrupación por la Despenalización del Aborto elkarteak salatu duen bezala, larrialdi obstetrikoa jasan zuen emakume baten espetxeratzea ezagutu dugu. Horrek 30 urte baino gehiagoko espetxeratzea ekarri izan du aurretik egin izan dutenentzat, larrialdi obstetrikoak homizidioagatik zigortuz.
Gaur Beatriz dugu gogoan, salvadortarra bera ere. Bere kasua ez da bakarra eta politika hauek emakumeen bizitzetan zer suposatzen duten agerian uzten du. Bere kasua enblema izaten ari da, emakume guztientzako abortatzeko eskubidea exijitzeaz gain, eskubide horren urraketak beren bizitzetan izan dituen ondorioak jasan dituztenei erreparazioa eskatzeko ikurra ere bilakatu da.
Beatrizek lehen seme bat izan zuen, eta zenbait ebakuntza egin zizkioten hainbat osasun-arazoren ondorioz, arrisku handiko haurdunaldia izan zuelako. Urte batzuk geroago, beste haurdunaldi bat izan zuen, eta hasieratik diagnostikatu zioten umekiak malformazioak zituela eta behin jaiota ez zegoela bizi-itxaropenik. Medikuak bat zetozen haurdunaldia etetea beharrezkoa zela, Beatrizen osasun-egoera egunero larriagotzen baitzen.
Medikuaren irizpena eta nazioarteko presioa gorabehera, El Salvadorko Estatuak uko egin zion prozedura baimentzeari eta Beatriz haurdunaldiarekin jarraitzera behartu zuten. Azkenik, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren esku-hartzearen ondoren, El Salvadorko Estatua 2013ko ekainaren 3an haurdunaldia eteteko prozedura egitera behartu zuten. Beatriz 2017ko urriaren 8an hil zen. Bere osasun-egoera okerrak zirkulazio-istripu baten ondorioak larriagotu zituen.
Beatrizen kasuak munduaren aurrean abortuaren erabateko zigorraren eragin larriak agerian utzi zituen. Hala, 2024an, hainbat erakundek Beatrizen kasua Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrera eraman dute, El Salvadorko Estatuaren aurka. Beraiek esaten duten bezala, “Beatrizen memoria ohoratu nahi dute, familiari egindako kalteen erreparazio integrala eta ez errepikatzeko neurriak exijitzen dituzte, Beatrizek bizi izandakoa beste neskatilarik ez emakumerik bizitzera behartuta egongo ez dadila ziurtatzeko, baita milaka salvadortarren bizitzaren aurka egiten duen araudi-esparrua aldatzera ere”. Haiekin batera, El Salvadorko, eta Ameriketako beste herrialde batzuen, lege murriztaileak aldatzea eragingo duen aldeko epaia espero dugu.
Europan ere, beste ekintza batzuk badaude. Gaur egun, “My Voice, My Choice” (Nire ahotsa, Nire Erabakia) mugimendua emakume guztiontzako abortu seguru eta doakoaren aldeko Europar Herritar Ekimena eratu da, oraindik ere honen onarpenean eta praktikan jartzean gabeziak aurkitzen ditugulako.