Animalien kontrako indarkeria fikzioaren erraietan

Animalien kontrako indarkeria fikzioaren erraietan

Gizakiz besteko animaliak fikzioan irudikatzeko moduez eta betetzen dituzten estereotipoez gogoetatu dute Patri Muñoz scriptak, Junkal A. Tena Bilboko Piztiak eta Animalistak taldeetako kideak eta Ania Valle Ruiz de Garibay EHUko literatur ikerlariak.

30/10/2024

Nola irudikatzen dira gizakiz besteko animaliak fikzioan? Zer-nolako rol eta estereotipoak betetzen dituzte? Zer-nolako jarrerak ikasten eta erreproduzitzen dira horien bidez? Galdera horien inguruan gogoetatu dute Patri Muñoz scriptak, Junkal A. Tena Bilboko Piztiak eta Animalistak taldeetako kideak eta Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay EHUko literatur ikerlariak.

Pantaila beltz bat eta filmetan gizakiz besteko animaliak daudenean kredituetan agertzen den errotulu klasikoa: “Ez da animaliarik zauritu pelikula honen filmaketan”. Patri Muñoz Scriptak nabarmendu du zalantzan jarri beharko litzatekeela esaldi hori: “Espezismoaz hitz egiteko artelanaren diskurtsotik haratago joan beharra dago. Ikusi zer esaten duen, baina baita ere, testuinguru orokor horretan nola egin den filma”. Hau da, animaliak erabili dituzten edo ez, cateringean zer zegoen, zer kontatzen duen pelikulak, noiz sortu duten eta beste gauza asko.

“Iruditzen zait Tardes de soledad (2024) filma jendeak zezenketen aurrean daukan pertzepzioa hobetzeko kokapen kontziente bat dela”.

Muñozek uste du gizartea espezista den heinean, diskurtsoak bide beretik joanen direla; eta zentzu horretan bideak kontzienteak edo inkontzienteak izan daitezkeela: “Lehen oso gustuko nituen filmak, orain genero ikuspegitik ez dago nondik heldu matxistak direlako. Horrek esan nahi du egin zirenean diskurtso matxista kontziente bat zutela? Argi dago norabide batera eraman gaituztela, baina zuzendariek ez zuten zertan kontziente egin jendartean errotuta zegoelako”. Horregatik, uste du oro har zinema espezista den arren, badirela ere espezismoa zabaltzeko propio sortutako diskurtsoak.

Horren adibidea da Albert Serra zinegilearen Tardes de soledad (2024) dokumentala. Donostiako 72. Zinemaldiaren Urrezko Maskorra –sari nagusia– irabazi du. Zezenketen inguruko dokumental bat da Serrarena. Bertan, jasotzen ditu toreroaren gogoetak, nola janzten den, nola hurbiltzen den zezenarengana, zezenen kontrako indarkeria eta zezenaren agonia. Zinemagilearen arabera, ez da zezenketen alde ez kontrako dokumental bat. Esan du “ideologiarik gabe” heldu diola gaiari; soilik, zezenketen “artearekiko” duen interesagatik. “Nahiz eta gero jende horrek animaliak jan, egun lekuz kanpo dagoen edo soilik sektore txiki batek onartzen duen diskurtso bat da zezenketen aldekoa. Horregatik, iruditzen zait jendeak zezenketen aurrean daukan pertzepzioa hobetzeko kokapen kontziente bat dela”, esan du Muñozek.

Espezismoaren adibide bat da dokumentala, baina ez bakarra. Modu askotara irudikatzen eta erreproduzitzen da gizakiz besteko animalien kontrako indarkeria ez-fikzioan zein fikzioan. Fikzioari erreparatu dio Junkal A. Tena Bilboko Piztiak eta Animalistak taldeko kideak: “Animaliak oso erromantizatuta agertzen dira eta oso irudi bukolikoa ematen da. Fikzioak erakusten digu guretzat egindako espezieak direla, oso ondo bizi direla guri esker, gu egongo ez bagina hilko liratekeela… baina ez digu erakusten guk sufriarazten dieguna”.

Erromantizazioaz gain, animaliak gizatiartu, eta gizakientzat garrantzitsuak diren ezaugarrien arabera baloratzen direla dio: “Iksupegi antropozentristatik baloratzen dugu dena. Askotan esaten da ez daukatela arrazionaltasunarik edo gure moduko arrazionaltasunik. Beste ezaugarri batzuk dituzte, eta gureak bezain garrantzitsuak dira”. Horrekin batera, marrazkidunetan bereziki, animalia bakoitzaren berezko ezaugarriak ezabatzen dira. Txakurrak adibidez, bi hanketan ibiltzen dira, giza eskuak izango balituzte bezala irekitzen dituzte ateak eta jantzita doaz.

“Liburu eta marrazki bizidun gehienetan animaliak indarkeria pila bat pairatzen agertzen dira. Momentuan bertan lantzen duzu umearekin edo bestela indarkeria mota hori naturalizatzen du”.

Horien bidez, animaliak sexatu eta genero estereotipoak sustatu egiten direla salatu du: “Animalien ezaugarriak aldatzen ditugu gure maskulinitate eta feminitate kontzeptuetan sartzeko. Espezie bereko bi animalia agertzen direnean garbi dago zein identifikatzen den neska bezala eta zein mutil bezala”. Ia lau urte dituen haur bat dauka, eta kezkaz adierazi du etxean generoaren inguruko lanketa “potentea” egin arren, umea kontzeptu horiek guztiak “inkontzienteki” barneratzen ari delako: “Ez dakit zelan lortu dugun, baina gure txikiak oraindik ez ditu neskak eta mutilak bereizten: helduak eta txikiak ikusten ditu. Hala ere, pertsonaia bat aukeratu behar duenean inkontzienteki feminitatean sartzen diren horietara jotzen du”.

Gaineratu du kontaketa horien bidez, haurrek ez dutela soilik matxismoa barneratzen, beste zapalkuntza batzuk ere: “Hasieratik erakutsi diogu, guk bezala, animaliek aske izan nahi dutela, ez dutela arropa edo lepokorik eraman nahi… baina liburu eta marrazki bizidun gehienetan animaliak indarkeria pila bat pairatzen agertzen dira. Momentuan bertan lantzen duzu umearekin edo bestela indarkeria mota hori naturalizatzen du”.

Estereotipoak eta kosifikazioa

Espezie asko sartzen dira animalia kontzeptuaren barruan; horregatik, Muñozen ustetan, animaliek fikzioan duten lekuaz hitz egiterako orduan kontuan hartu behar dira gizakiek espezie bakoitzarekiko daukan pertzepzioa, batzuekin edo besteekin sortzen diren lotura emozionalak, kumeak edo nagusiak diren eta beste faktore asko. Ikus-entzunezkoei erreparatuta, etxekotutako animalien kasuan; txakurrak eta katuak kasu, ikusleek lotura emozional “handiagoa” sortzen dutela dio: “Pertsona bat arriskuan dagoenean askotan ikusten da paseatzen txakurrarekin. Hurrengo eszenan txakurra hilda edo hiltzeko arriskuan agertzen da, eta horren bidez adierazten dute gizakia arriskuan dagoela”.

Horren arabera, animaliak ez dira agentzia daukaten subjektu politikoak, baizik eta gizakien trama ulertzeko gehigarri bat: “Ez dira pertsonaia bezala ikusten, ez dute gupidarik sortzen eta askotan animalia horiekiko dauzkagun estereotipoak sustatzen dituzte. Putreek, arratoiek eta sugeek tentsioa edo beldurra eragiten dute eurenganako pertzepzioagatik. Estereotipo horiek askotan zinemak sortutakoak dira”. Steven Spielberg zinema zuzendariaren Jaws [Barailak] filmean “argi eta garbi” ikusten dela dio marrazoen inguruko estereotipo “pila bat” sortu zirelako iruditegi sozialean.

Estereotipoak sustatzeaz gain, animaliak “kosifikatzen” direla ere salatu dute Muñozek eta Tenak. Horiek produktu bilakatzea kosifikatzeko moduetako bat dela esan du Tenak: “Bizirik dagoen animaliatik platerera, salto bat dago. Fikzioan ez dugu indarkeria hori erakusten zuzenean platerean agertzen delako. Errealitatean beste bateri ordaintzen diogu ikusi ez dezagun”. Gaineratu du literaturan animaliak jatea zalantzan jarri beharrean, zaporea eta usaina lehenesten direla: “Fikzioa gure kultura eta gizartearen isla da”.

Bat egin du Muñozek, eta gaineratu du gizakiak diren pertsonaiak definitzeko “elementu” bezala erabiltzen direla: “Ikusten badugu pertsona bat chiguagua edo bulldog batekin pertsona horrengan sortuko dugun irudia ezberdina izango da. Jantzi, poltsa edota kapela bat izango balira bezala agertzen dira”. Pertsonaiak aberaskumeak direnean argi ikusten da hori. Kenny Ortega zuzendariaren High School Musical filmeko Sharpay Evansek esate baterako, osagarri arrosa ugari eramaten ditu; tartean, arrosaz jantzita doan chiguagua bat.

Oro har animaliak jatea zalantzan jartzen ez den arren, geroz eta pertsonaia begano gehiago agertzen dira ikus-entzunezkoetan. Muñozen arabera, gazteek egindako eskakizunetatik sortu dira, baina estereotipoei “oso lotuta” daude: “Ikus-entzunezkoetan begano bat agertzen den gehienetan ez-binarioa izan behar da edo bestela kolektiboko norbait. Gainera, jarraitzen du izaten arraroa dena”.

Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay EHUko ikerlaria XVII. eta XVIII. mendeko literatura aztertzen ari da doktoretzan: “XVII. mendean fokua jainkotik kendu, eta gizakian jartzen dugu arreta”. Hori dela eta gizakiz besteko animaliak norbanako bezala ikusi beharrean, gizakien ezaugarriak –adibidez, lidergoa– irudikatzeko metafora gisa erabiltzen direla ikusi du. La Fontaineren alegia berheziak (1668) obrak horietako metafora ugari irudikatzen ditu. XIX. mendean aldiz, txoriak emakumeen “askatasunerako grina” irudikatzeko erabiltzen dira.

Egun, animalien eta emakumeen arteko loturak ohikoak direla dio, baina “gehiago” errespetatzen dela animaltasuna: “Askotan erabiltzen dira animaliak emakumeen irrikak irudikatzeko. Metamorfosi moduko bat irudikatzen dute zeinetan emakumeak bere desirak lortzen dituen animaltasuna besarkatuz”. Horren adibidea da Marie Darrieussecq idazlearen Ahardikeriak (1996) liburua: “Liburuko protagonista txerri bihurtzen da, baina ez zaio kutsu negatiborik ematen. Kontrara indartsuago egin, eta bere helburua lortzera laguntzen du”.

Halere, azaldu du erdigunean “beti” dagoela gizakia, eta gizakien beharrean arabera eraikitzen direla literaturako diskurtsoak. Lehoiak adibidetzat hartuta antropozentrismoa “oso argi” ikusten dela dio: “Lehoiak beti dira oihaneko erregeak. Baina berez erregeak daude animalien munduan? Europako zonalde konkretu batzuetako erreferentziak eta hierarkiak dira. Gainerako kulturetan aplikatu ezin ditugun bezala, animalien munduan ezta ere”.

Antiespezismoan hezteko

Fikzioan sortutako edukia orokorrean espezista den arren, badira orain arteko diskurtsoa zalantzan jarri, eta bestelako kontakizun bat eskaintzen ari direnak. Bi liburu gomendatu ditu Muñozek: Patrick Georgen Animal Rescue (2015) [Erreskate Animalia] eta Ochodoscuatro argitaletxearen ¿Qué hay en mi nevera? [Zer dago nire hozkailuan?] liburuak. Lehenengoa testurik ez daukan liburu interaktibo bat da zeinetan haurrek animaliak askatu behar dituzten. Bigarrenak, testua dauka eta beganismoari erreferentzia egiten dio. Ez dago euskaraz, baina Ochodoscuatros argitaletxeko atarian bideo bat ikusi daiteke euskaraz. Tena kontent da argitaletxeak egiten duen lanarekin; hala ere, liburudendetan “oso eduki gutxi” dagoela dio: “Gazteleraz liburu antiespezistak lortzea kostatzen bada pentsa euskaraz. Liburuak behar ditugu gure hizkuntzan”.

Horregatik, Animalistak taldeak, iaz, Rosalba de Guzmán Soriano idazlearen Matxinorropotesta (2024) liburua itzuli zuen gaztelaniatik euskarara. Zooen inguruan hausnartzeko liburu bat da. “Zooekin haurrek normalizatzen dute animaliak kaioletan bizi direla, pozik daudela, jaten ematen diegula eta dibertitzen direla. Horren kontra eragin behar dugu”, esan du Tenak. Horrekin batera, tokian-tokiko beharrak eta erreferente espezistak identifikatu behar direla nabarmendu du: “Oso garrantzitsua da behietan, oiloetan eta txerrietan eragitea eta materiala sortzea. Oso presente daude euskal gizartean”. Horregatik, datozen urteei begira sorkuntzaren bidetik jarraitu, eta erreferente antiespezista gehiago sortzea dute helburu.

Literaturaren bidetik, mendeetan atzera egin du berriz Vallek. EHU eta UPF-Centre for Animal Ethics ikerketa zentroko ikerlariek antolaturiko Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresuan parte hartu zuen martxoan. Cyrano de Bergerac idazle, dramaturgo eta pentsalari frantsesaren liburu baten pasarte baten inguruan egindako gogoetak mahaigaineratu zituen. L’autre monde ou Les États et empires de la lune ou Les États et empires du soleil (1650) [Beste mundua edo Ilargiaren Estatuak eta inperioak edo Eguzkiaren Estatuak eta inperioak] liburukoak zehazki.

Txoriek agintzen duten erreinu batean dagoen gizon baten istorioa kontatzen du pasarteak. Bertan, txoriek gizona epaitzen dute gizakiak animalien kontra egindako sarraskiengatik.. “Nagusitasun irrigarri horren ondorioz, gizonak bere gain hartzen du bizitzeko eta hiltzeko gure eskubidea, eta esklabo bihurtu, gatibu egin, ito eta jaten gaitu eta nobletzat dituenei hiltzeko gaitasuna ematen die”, horiek dira txoriek gizakiari egozten dizkioten zenbait krimen. Testuan behin eta berriz agertzen da gizon hitza XVII.mendean horren bidez gizakiari egiten ziotelako erreferentzia.

Gizona epaiketara joaten denenean zenbait aurreiritzi dituenez ondorioztatzen du arrano batek epaituko duela. Txorien ustetan gizakiak uste du soilik gobernatu dezaketela “indartsuenek”, “handienek” eta “krudelenek”. Txoriek, aldiz, bestelako ezaugarriei ematen diete garrantzia; horien artean ahultasunari.

Ikerlariaren arabera, testu honek gizakiz besteko animaliekin beste modu batean harremanak sortzeko aukera eskaintzen du: “Animaliak ere subjektu politikoak direla aldarrikatzen du autoreak, baina armonian bizitzeko, gizakiok geure buruari esleitu diogun nagusitasunari uko egin behar diogu”.

Hala ere, nabarmendu du animaliak eta gizakiak ez direla pareko ikusten eta animaliak erabiltzen direla gizakiak barruan dituen gauzak irudikatzeko: “Txorien adibidera itzultzen bagara eta kritikoak izanik; ez al diegu ematen animaliei gizatasunari lotuta dagoen kontzientzia bat? Beharrezkoa da kontzientzia hori ematea errespetatzeko? Ezin diegu utzi diren moduak izaten?”.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba