“Zaintzak balioan jarri behar ditugu eta familiaren esparru pribatutik atera”

Denon Bizitzak Erdigunean

“Zaintzak balioan jarri behar ditugu eta familiaren esparru pribatutik atera”

Euskal Herrian zaintzak erdigunean jartzeko greba feminista egin eta urtebetera, Denon Bizitzak Erdiguneak plataformak idatziz erantzun dizkigu grebaren emaitzez eta hurrengo urratsez egindako galderak.

Zaintzen herria ekimeneko kartela

27/11/2024

Denon Bizitzak Erdigunean plataforma 2020an sortu zen, Covid-19ak eragindako pandemia lehertu zenean. Egoera hark bultzatuta, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bere agenda politikoan premiazkotzat jotzen zuena jarri zuten erdigunean: zaintzak. 2022ko otsailean egin zituzten lehen jardunaldiak Gasteizen, zaintzen inguruko imajinario kolektibo baterantz hurbildu ziren, eta zaintza eskubide kolektibo gisa bermatuko duen sistema publiko-komunitario baten lehen ardatzak marraztu zituzten. 2022ko udazkenean probintziaka egindako batzar irekietan antolatzen hasi ziren, eta lehentasunezko behar bat ezarri zuten: zaintzari buruzko akordio sozial bat lortzea.

Baina akordio sozial bat osatzeak aliantzak sendotzea dakar: Euskal Herriko eragile sozialen laguntza eta lankidetza, ondoren, gehiengo sozial batekin, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatu ahal izateko. Horregatik deitu zuten lehen greba feminista orokorra 2023ko azaroaren 30ean.

Urtebete geroago, antolatuta jarraitzen dute, gobernuek erantzunik eman ez arren. Ez dakite erantzun hori iritsiko den, baina badakite zaintzek, haien moduak eta kalitateak markatzen dituztela gure bizitzak, eta borrokan jarraituko dute gaia agenda politikoan mantentzeko, “bizitza guztiak erdigunean jartzera eramango gaituen trantsizio sozialera iritsi arte”. Azaroaren 30erako Zaintzaren herria ekimena antolatu dute Bilbon, zainduko gaituen herri bat eraikitzeko asmoz.

“Guztiok ematen eta jasotzen ditugu zaintzak bizitzako une guztietan. Bizitza duin baten oinarria dira”.

Zein da ‘zaintzak’ kontzeptua argitzeko adostu duzuen definizioa eta zer dago, zuen ustez, kontzeptu honen baitan?

Zaintzen definizioa zabala eta konplexua da, pertsona batek bizitza osoan dituen interakzio eta behar guztiak biltzen baititu. Zaintzak zaurgarritasun-egoera puntualetan ditugun premietatik harago doaz. Guztiok ematen eta jasotzen ditugu zaintzak bizitzako une guztietan. Bizitza duin baten oinarria dira.

Gaur egun indarrean dagoen zaintza-erregimena batez ere emakumeok eskaintzen ditugun ordaindu gabeko lanetan oinarritzen da: batik bat, etxeko enpleguan – gehienak feminizatuta eta etnorazializatuta daude, eta lan- eta giza eskubideen urraketa ugari gertatzen dira – eta zenbait modu profesionalizatutan – haur-hezkuntza, geriatria, etxez etxeko laguntza… –; lan horiek ere emakumeek egiten dituzte, eta oso merkantilizatuta eta prekarizatuta daude. Sistema hori bidegabea, desorekatua eta mugatua da. Zaintzari balioa eman behar zaio, eta familiaren eremu pribatutik atera; izan ere, horrela bakarrik aldatu ahal izango dugu zaintzaren kultura toxikoa, eta zaintza-eskubidea pertsona guztien eskubide kolektibo eta unibertsal gisa aitortu.

Zaintzen barruan etxeko lanak, zahartzaroa, amatasunak, psikiatrizazioa, autozaintza edo aktibismoetako dinamikak ere daudela kontuan hartuta, zein alderdik dute une honetan premiarik handiena zuen agendan?

Argitu nahiko genuke, nahiz eta akordio sozialean aldarrikapen batzuk premia batetik heldu, eta beste batzuk epe urrunago batean kokatu, ez dugula ulertzen bigarren mailako alderdi edo aldarrikapenik dagoenik. Epe laburreko aldarrikapen batzuk markatzen ditugunean, prekarioago bizi diren emakumeen bizitzez ari gara. Baina, gure ustez, horrek ez du ezertarako balio urgentziatik bakarrik heltzen bazaio, partxeak jartzera edo “arazoaren konponbide” faltsu batera eraman baikaitzake epe laburrean, egiturei eta egiturek ordezkatzen eta dakartzaten horri benetan jaramonik egin gabe.

Epe laburrera, adibidez, erroldatzea pertsona guztientzako eskubide eskuragarria izatea aldarrikatzen dugu, baina gaur egun milaka emakumek Euskal Herrian jasaten duten arrazismoaren eta indarkeria instituzionalaren aurka doan borroka feminista, antiarrazista eta antikolonialarekin batera. Edo atzerritartasunari buruzko legea bertan behera uztea, baina, bitartean, etxeko eta zaintzako langile guztiak erregularizatzea eta etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.

Badakigu mugimendu asko egin behar direla pertsona guztien bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema bat lortzeko. Urrats txikiak eman behar dira norabide horretan, borroka feminista dekolonialaren bidez. Hobekuntza txikiak eginez eta norabide horretan aldaketak eginez lortzen da; adibidez, etxez etxeko arreta-zerbitzuak hobetuz edo lanaldia murriztuz, soldata murriztu gabe, horrela zaintzeko denborak bermatuz.

“Uste dugu grebak balio izan duela ulertzeko zer den zaintza sistema, nola gertatzen den Euskal Herrian eta zer berezitasun dituen, eta gizartea zaintzen inguruan pentsatzen jartzeko”.

Greba tresna gisa ulertzen zenutela azaldu zenuten 2023ko greban, ez bakarrik lan ordainduaren esparruan borrokatzeko, baita eremu publikoan zein pribatuan gertatzen den lanaren banaketa sexualean eragiteko ere. Zer balorazio kolektibo egin duzue prozesuaz eta egun horretaz?

Argi dago gaur egun greba orokor bat ez dela lehen bezala ulertzen. Baina greba egun horren balorazioa guztiz positiboa da. Mugimendu feministak zaintzak agenda politikoan markatzea lortu zuen. Hainbesteraino, non EAJk zaintza itun posible baten lehen aurkezpena egin zuen greba baino bi aste lehenago. Zer gertatu zen horrekin? Ez digula ezertarako balio, praktikan ez baitu jasotzen eskatzen duguna. Gainera, jakina, mugimendu feminista ez dute solaskidetzat hartzen, nahiz eta hainbat urte eraman zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen

Uste dugu grebak balio izan duela ulertzeko zer den zaintza sistema, nola gertatzen den Euskal Herrian eta zer berezitasun dituen, eta gizartea zaintzen inguruan pentsatzen jartzeko: nola nahi duen ingurukoek zaindu dezatela beharko duenean, edo nola zaindu nahiko lukeen. Euskal Herriko lehen greba feminista orokorra izan zen, eta, egun euritsua izan arren, kaleak betetzea lortu genuen, diskurtsoa sartzea lortu genuen eta askoz hobea zen zerbait lortu genuen: jendeak eztabaidatzea eta hausnartzea hainbeste urtetan hain ikusezina izan den gai bati buruz.

Ez dugu uste lan guztia eginda dagoenik. Pixkanaka ikusten da herri batzuetan, grebak ez ezik, aurreko hilabeteetan egindako lanak ere oinarri bat utzi duela norabide horretan praktikak egin ahal izateko.

Grebaren kontzeptu klasikora itzuliz, zer erantzun izan dira enpresen barruan?

Greba klasikoak langileek lan-jarduera eteteko egiten dira, lan-baldintza jakin batzuk aldarrikatzeko. Greba honek etxeko eta zaintzako langile batzuek bizi dituzten esplotazio-baldintzak aldatzeaz gain, sistema oso bat hankaz gora jarri nahi zuen. Zaintzekin zerikusirik ez duten enpresetan zaintzei buruz eztabaidatzeko balio izan zuen. Era berean gizarte osoa greba egitera deitzearen arrazoiak eztabaidatzeko ere balio izan zuen. Ildo horretan, sindikatuek berebiziko garrantzia izan dute, haiek arduratu baitira gaia lanpostuetara eramateaz.

Jakina, enpresetan denetarik egon da, grebara ateratzeko arrazoia ulertu ez duen jendea egon da, batzuek ez dute erakutsi inolako interesik zaintzen atzean dagoenaren inguruan eta gaur egun hain errotuta daukagun sistema jasangaitzari buelta emateko moduaren inguruan. Baina, eztabaidari eta elkarrizketei esker, beste batzuek ulertu dute mahai gainean jartzen ari garen hori eta zergatik ez den bakarrik emakumeen edo feministen kontua.

Greban zaintza sistema publiko-komunitarioa eskatu zen. Egin zenuten dosierrean jaso ziren erreklamazio zehatzen aurrean, zer erantzun izan duzue erakundeetatik?

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak jakinarazi zigun gauza bakarra zen gure eskaria berdintasun-sailera bideratu zutela. Baina ulertu behar dugu zaintza-sistema ez dela bakarrik berdintasunaren esparruko gaia, eskubide sozialen esparruko gaia ere badela.

Nafarroako Gobernuarekin gauza bera: Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin bilera batera bideratu gintuzten, helburua oso argi izan gabe. Bertako zuzendaritzarekin elkartu ginen, eta erakunde arteko mahai bat sortzeko eskaera helarazi genien. Mahai horretan, mugimendu feministaren aldarrikapenak baloratzea eta eztabaidatzea nahi genuen, eta zaintza-sistema publiko eta komunitario baterako bidean aurrera egiteko erabakigune izatea. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prozesuaren kostuaren eta mahai mota hori sortzeko zailtasunen berri eman zigun, baina gure eskaerak Nafarroako Gobernuari helarazteko konpromisoa hartu zuen. Ordutik ez dugu inolako erantzunik jaso.

“Komunitatea triangelu itxurako gobernantza-modu gisa ulertzen dugu, administrazioaren, gizarte zibil antolatuaren eta kooperatiben artean”.

Orain hitz egin dezagun komunitarioaz. Zer dago kontzeptu honen barruan edo zer nahiko zenukete kontzeptu honek barnebiltzea? Ba al dago kontuan hartzen ari zareten esperientzia zehatzik?

Puntu hau eraikitzeko eta hausnartzeko dago oraindik. Komunitatea triangelu itxurako gobernantza-modu gisa ulertzen dugu, administrazioaren, gizarte zibil antolatuaren eta kooperatiben artean. Badakigu administrazioak komunitateen lanaz balia daitezkeela egiten ez dutena edo egin nahi ez dutena estaltzeko, eta horrek merkantilizazio-bide gehiago sor ditzakeela. Baina, era berean, badakigu premiak markatuko dituen eta sistema behar bezala gauzatzen dela zainduko duen zaintza sistema komunitaria behar dugula.

Hainbat elkarte antiarrazistak eta etxeko langileen zenbait elkartek greba ez egitea erabaki zuten, ulertzen zutelako grebarako eskubiderik ez dutenez mobilizazio-tresna horrek borroka-subjektu gisa baztertzen dituela. Zer irakurketa egin duzue kritika horien inguruan?

Gure ustez, borrokarako beste tresna bat izan da prozesu honetan greba, ez dugu uste tresna bakarra denik. Ulertu genuen desadostasuna greba egiteko erabakiarekin bakarrik gertatu zela, baina ados daudela prozesuarekin, diskurtsoarekin eta aldarrikapenekin. Horregatik, grebaz haratago, norabide berean lan egiten jarraitzen dugu: agenda politikoan gaia markatzen eta zaintza-lanak ikusezintasunetik ateratzen eta serio hartzen.

Koordinatuta al zaudete borrokan ari diren kolektiboekin, hala nola etxez etxeko laguntzako langileekin edo hoteletako garbitzaile edo kelly izenekoekin?

Bai. Greba feminista orokorrak, beste gauza askoren artean, etxeko eta zaintzako langileek beren artean sare askoz irmoagoak sortzeko balio izan zuen, baita koordinazio horren eta mugimendu feministako lurraldeetako lankideen artean harremana egoteko ere. Horrela, Euskal Herriko mugimendu feministaren subjektu eta parte izatera pasatu dira, agenda partekatua mantenduz; adibidez, martxoaren 30a, Etxeko eta Zaintzako Langileen Eguna. Beraz, etengabeko komunikazioan gaude, kontuan hartuta, noski, beren espazio propioak ere behar dituztela errealitate zehatzei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko.

Azaroaren 30ean Zaintzaren herria proposamena antolatu da Bilbon. Mugimendu Feministatik hainbat jarduera prestatu dituzue saltzen zaigun “negozioen hiriaren” aurrean, zainduko gaituen herri bat eraikitzeko. Zer espero duzue sortzea hortik aurrera?

Zaintzen herriaren bidez, duela urtebete historia egin genuela gogoratuko dugu. Ikasteko jardunaldiak izango dira, loturak ehuntzeko eta hainbat komunitate dagoeneko egiten ari diren ekimenei balioa emateko. Zaintza sistema publiko eta komunitario batek zer esan nahi duen hausnartzen jarraitu nahi dugu, sistema horrek izan ditzakeen argi-ilunei aurre egiteko prest egon, eta Euskal Herrian ez garela hutsetik abiatzen erakutsi nahi dugu. Izan ere, bide luzea dago egiteko, baina dagoeneko kolektibo asko ari dira zaintzaren hainbat arlotan arlo komunitariotik lanean. Hainbat kolektibok hainbat gairi buruz egiten ari diren ekintzetatik ikasiko dugu, hala nola migratzaileen harrerari buruz, haurrek hiria habitatzeko duten moduari buruz eta etxez etxeko laguntzaren egoerari buruz. Arratsaldean, herri bazkariaren ondoren, manifestazio bat egingo dugu, erakundeek egunerokoan zainketa-sistemarekiko erakutsi duten pasibotasuna, utzikeria eta negozioa salatzeko. Eta eguna festa batekin amaituko da, elkarren alboan egoteaz gozatu ahal izateko.
Abenduaren 1etik aurrera, orain arte bezala jarraituko dugu lanean, modu komunitarioan, batzar feministak lehenetsiko duen akordio sozialaren puntuak eraikitzeko eta puntu bakoitzean inplikatutako eragileekin lan egiteko.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba