Viteri tabernako atzeko atea

Viteri tabernako atzeko atea

80ko hamarkadan, Errenteriako Emakumeen Taldeko zenbait kidek sare klandestino bat sortu zuten abortatzen laguntzeko herriko zein inguruko emakumeei.

Nati Rufo, Karmele Santos eta Pili Urkia. Argazkia: utzia

15/01/2025

Urriko egun hotz bat da, arratsaldeko 17:35ak. Urdin-urdin dago zerua, oraindik ordu batzuk falta dira eguzkia sartzeko. Kotxean doaz baina inork ez du hitz egiten, isiltasuna da nagusi. Irun eta Hendaia batzen dituen zubia gurutzatu behar dute.

– Buenas tardes señoras – agurtu die poliziak.
– Buenas tardes – erantzun diote.
– ¿A dónde se dirigen ustedes? – galdegin die.
– Vamos a comprar Levi’s – esan dio gidatzen ari denak.
Ez doaz Levi’sak erostera, abortatzera baizik.

1975. urteak aro bortitz eta ilun bat itxi eta beste bati ateak irekiko zizkion, aro eraberritu bati; edo hala uste zuten askok, behintzat. Baina ez zen horrela izan edo ez, gutxienez, berehalakoan.

Trantsizioak balizko demokrazia baterako bidea ireki zuela ukaezina da, aldaketa garaiak izan ziren. Baina diktadura bateko 40 urte ezin dira hala nola konpondu. Kaleak jendez betetzen hasi ziren eta mugimendu sozial desberdinen aldeko kartelak paretak estaltzen zituzten. Giroan askatasun nahia usaindu zitekeen. Emakumeen eskubideen aldeko borroka izan zen horietako bat, ertzetan bizitzeaz nazkaturik; horien artean, Errenteriako Emakumeen Taldeko kide batzuek egindakoa. 100 emakume ingururi lagundu zieten muga igarotzen Biarritzen aborta zezaten, hego Euskal Herrian legez kanpokoa baitzen. Nati Rufo (1953), Karmele Santos (1947) eta Pili Urkia (1955) sare horretako hiru kide izan ziren.

“Bagenekien zergatik hiltzen ziren eta erantzun bat eman behar genuen”

Emakumeen eskubideen kasuan ez zen inondik sumatzen Trantsizioak ekarriko omen zuen ustezko askatasun berri hori, ez zen entzuten libertate haizearen ulua. Legeen zain egon beharrean, ordea, Errenteriako Emakumeen Taldearen barruko zenbait partaidek abortuaren eta dibortzioaren legea idatzi eta onartu zedin eskatu zuten.

Dibortzioa, abortua, praktika sexual askeak eta gerora lesbianismoa ere aldarrikatzen zituzten talde honetako kideek. Iantzi auzoko lokal batean hasi ziren elkartzen, gauetan, egunean zehar antolatzen ziren ikastaroak amaitu ondoren. Bertan hasi ziren eskatuko zituzten legeen plangintza antolatzen. “Ilegalak ziren dibortzioa eta abortua eta jende asko zegoen arazoekin. Emakume batzuek tratu txarrak sufritzen zituzten, baina ezin ziren banandu, eta beste batzuek amatasun ez desiratuei aurre egin behar zieten. “Horregatik nahi genuen planning bat, ama izan nahi genuen edo ez erabakitzeko aukera izateko”, azaldu digu Rufok. Antisorgailuak ere aldarrikatzen zituztela gehitu du Urkiak.

Legez kanpokoa zen garai hartan, beraz, haurdunaldia etetea, eta, ondorioz, ohikoak bihurtu ziren abortatzen saiatzeagatik hildakoen kasuak. Oso urrutira joan gabe, 1976ean Beasaingo emakume bat hil zen abortatzeko metodo gisa perrexila, geroz eta zabalduagoa zen teknika bat, erabiltzeagatik. “Bagenekien zergatik hiltzen ziren eta erantzun bat eman behar genuen”, aitortu du Rufok.

“Ez zen soilik abortatzea, etxekoak egindakoaz jabetzearen beldur ziren asko, fedeak oraindik pisu handia zuen”

Testuinguru horretan sortu zen abortatzen laguntzeko sarea. Klandestinoki egiten zuten, norbait ohartzen bazen zigorra handia baitzuten. 1979ko urteko Zigor Kodearen arabera, abortatzeagatik 6 hilabetetik 3 urterako kartzela zigorra jaso zenezake, eta bazterketa soziala eta umiliazioa. Izan ere, ez zen soilik abortatzea, egindakoaren aurrean ingurukoek izango zuten erreakzioari ere egin behar zioten aurre. “Abortatu ondoren, etxera itzultzen ziren eta senarrek ez zekiten abortatu egin zutela. Ez zen soilik abortatzea, etxekoak egindakoaz jabetzearen beldur ziren asko, fedeak oraindik pisu handia zuen”, gehitu du Santosek.

Gauzak aldatzen hasi baziren ere, erlijioak oraindik eragin nabarmena zuen, eta horrekin batera, Frankismoko beste zutabeak: familiak. “Elizarengandik genuen eragin krudela itzela zen. Eta frankismoak markaturiko debekuak ere asko ziren”, adierazi du Rufok. “Hiltzaile” deitzen zien Elizak. “Eta jarraitzen digu deitzen”, gehitu du Santosek. “Lotsan oinarrituriko kontzientzia bat zegoen eta horrek abortuak baino gehiago markatzen zizun”, jarraitu du Rufok.

Ahoz aho zubia gurutzatuz

Dirua zuenak Londresera bidaiatzen zuen abortatzera, baita Herbehereetara ere, baina emakume hauek Biarritzera joaten ziren. Kontaktu fidagarri batek eman zien hango klinikaren berri. “Denak hego Euskal Herrikoak ziren bertan”, argitu du Santosek. 1980. urtean Egin egunkariak argitaratutako albiste baten arabera, Biarritzen abortatutako emakumeen %70a espainiar Estatukoak ziren. “Aberastu egin zen ginekologoa baina segurua zen, ondo egiten zuen. Nik ezagutu nituen emakume batzuk abortatzera joan eta, horretarako prestaturik ez zeuden pertsonak aurkitu arren, euren eskuetan abortatu zutenak”, gehitu du Urkiak.

Ahoz aho pasatzen zuten mezua eta astero behin edo bitan elkartzen ziren Biarritzera joateko. Viteri tabernan egiten zuten hitzordua, beti ezkutuan, aurretik elkarri esanda nola joango ziren jantzita. Tabernak ate bat bakarrik du baina garai hartan bi izatera iritsi zen: batak kalera ematen zuen; besteak, berriz, Biarritzera. Txandaka egiten zuten, ahal zuenak laguntzen zuen. Kotxez joaten ziren, baina zenbait kasutan, kotxerik ez zuten lortzen eta autobus publikoan joan behar izan zuten. Santosek kontatu du emakume batzuk abortatzeko diru justuarekin etorri eta beraiek ordaindu behar izan zietela autobusa kasu horietan. Abortatzeak batez beste 22.000 peseta balio zuen, egungo 120 euro.

“Nik ezagutu nituen emakume batzuk abortatzera joan eta, horretarako prestaturik ez zeuden pertsonak aurkitu arren, euren eskuetan abortatu zutenak”

Hamaika ekintza abortua legeztatzearen alde

Tentsio unea izaten zen zubia pasatzeko momentua. “Beldurrak jota egoten ginen beste aldera pasatzerakoan. Miatu egiten zintuzten eta guk bagenekienez zer egitera gindoazen…”, kontatu du Rufok. Dena dela, inoiz ez zen larritasunik gertatu; alderantziz, ugariak dira harrotasunez gogoratzen dituzten uneak.

Rufok eta Santosek, adibidez, gogoratu dute behin Donostiako autobus publiko bat “bahitu” eta herrian barrena joan zirela abortuaren aldeko aldarriak eta bandera feministak leihoetatik ateraz. “Badago beste ekintza bat asko markatu ninduena ni”, gehitu du Urkiak. “Behin emakume bat etorri zen taldera esanez gizonak jo egiten zuela. Topora joan ginen senarren bila eta iritsi zenean abisatu egin genion bagenekiela zer egiten zuen. Orduan biolento jarri zen eta “eta bera zer?” oihuka hasi zen. Jo egin nahi gintuen. Hasi ginen bere aurka zabor poltsekin… gogoratzen naiz begiak gorri-gorri itzuli nintzela gutako batzuek zeramaten autodefentsarako espraiarengatik. Gero emakumea etorri zen eskerrak ematera”, kontatu du barre artean.

Errenteria-Oreretan ez ezik, gainerako herrietan jazotakoen aurrean ere erakutsi zuten babesa emakume hauek. Horren adibide da udaletxean giltzapetu zirenekoa. 1979ko urriaren 26a zen, Basauriko hamaika emakumeen aurkako epaiketaren lehen eguna. Abortatzeagatik eta abortatzen laguntzeagatik izango ziren epaituak. Gertakari horren aurrean, emakume hauen aldeko mobilizazio olatua erraldoia izan zen Euskal Herri osoan. Manifestazioak, kontzentrazioak, pegatinak, etab. egin zituzten epaiketa geldiarazteko. Udaletxeak hartzera ere iritsi ziren eta Errenteriakoa izan zen horietako bat. Epaiketaren egunean hainbat emakume udaletxean giltzapetu ziren Basaurikoei elkartasuna adierazteko eta gaua igaro zuten bertan.

Emakumeak udaletxeko pleno aretoan. Argazkia: Udaletxeko artxiboko 1979ko urriaren 26a.

Emakumeak udaletxeko pleno aretoan. Argazkia: Udaletxeko artxiboko 1979ko urriaren 26a.

Ertzetan bizitzeak marginatua eta isildua izatea dakar eta, horri aurre egiteko bide garrantzitsua izan ohi dira elkartasun sareak. Errenterian bazen jadanik horrelako sare bat. “Nik gogoan dut bizilagunen artean bazegoela horrelako elkartasun bat. Batak esaten bazion ‘aizu berriro haurdun gelditu naiz’, eta besteak, lagundu ziezaiokeen baten bat ezagutzen bazuen, kontaktua pasatzen zion”, azaldu du Urkiak.

Indar parapolizialen jazarpenaren aurka

Abortua legeztatzearen aldekoa, baina, ez zen emakume hauen borroka bakarra izan. Garai hartan poliziaren zein indar parapoliziaren jazarpenaren aurka ere borrokatu behar izan zuten. “Hegal oso handiak zituzten”, deskribatu du Urkiak. Horren adibide da 1979ko amaiera eta 1980ko hasieran gertatutako Errenteriako bortxaketen kasua. Gertatutakoa “sexu bidezko izu kanpaina” bezala definitu zuen 2023an Jonathan Martinez komunikazio ikertzaileak Naiz komunikabidean. Halaber, argitaratu berri da bortxaketa hauen eta beste batzuen inguruko ikerketaren liburua: Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980 (Argituz elkartea, 2024).

Bost emakume bortxatu zituzten pistolarekin apuntatzen zituzten bitartean, eta bortxaketa saiakera gehiago ere egin zituzten. Errenterian, Irunen eta Trintxerpe-Pasaian izan ziren. Lehena, 1979ko azaroaren 14ean izan zen eta bigarrena, hilabete beranduago, abenduaren 15ean. Bigarren bortxaketaren aurrean bortxatzaileek adierazi zuten “etorkizuneko ekintza gehiago” egongo zirela laster. Esan eta egin, 1980ko urtarrilean beste hiru kasu gertatu ziren: urtarrilaren 4ean bat eta urtarrilaren 13an beste bi. Bostetako inork ez zituen 19 urte baino gehiago.

“Oso gogorra izan zen. Bortxaketa selektiboak ziren, eta pistolaren puntaz eginak”

Argituz elkarteak egindako ikerketan azaltzen dute kasu guztiek patroi bera jarraitzen zutela: pare bat gizon armatuk neska autoan sartu, babes gabeko leku batera eraman, ideologia politikoari buruz galdetu eta inpunitate osoz jarduten zuten.

Inork ez zuen salatu, bazterketaren eta lotsaren beldur zirelako. “Oso gogorra izan zen. Bortxaketa selektiboak ziren eta pistolaren puntaz eginak”, azaldu du Rufok. Biktimen familiek mehatxu anitz jasan behar izan zituzten gertakarien aurrean egindako manifestazio eta prentsaurrekoengatik.

Salaketa jarri ez bazuten ere, herriak argi zuen indar parapolizialen ekintzak izan zirela. “Biktimetako batek bahituta eraman zioten kotxearen matrikula gogoratzen zuen eta Guardia Zibilarengana joan zenean jazotakoaren berri ematera, bertan aurkitu zuen kotxea aparkatuta”, kontatu du Urkiak. Are gehiago, urtarrilaren 16eko La Voz de España egunkariko titularra honakoa zen: GAEk (Grupos Armados Españoles) LA VOZera deitu, eta bere gain hartu zituzten “azken bortxaketa-kasuak”. Hurrengo egunean, urtarrilaren 17an, honela idatzi zuen Eginek: “GAE eta BVE (Batallón Vasco Español) taldeek azken asteetako bortxaketak erreibindikatu dituzte”. Dena dela, gaur egun, oraindik ez da epaiketarik egin eta kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

Horren aurrean, Emakumeen Taldea Gipuzkoako gobernadore zibilarekin elkartu zen. ”Bagenekien polizia zela eta exijitu genion geldiarazteko bestela zerbait egingo genuela. Eta greba orokorrerako deia egin genuen”, azaldu du Santosek. Are gehiago, gertatutakoak gertatuta eta auzoek zeukaten argi-instalazio eskasarengatik, gaueko komandoak antolatu zituzten herriko bizilagunekin. Auzoetan banatzen ziren eta patruilatzen ibiltzen ziren, ezbeharren bat balego erantzuteko. Diotenez, inoiz ez zen ezer gertatu.

Herria gelditzea lortu zuten

1980ko urtarrilaren 17an Greba orokorra egin zuten. El Paísek garai hartan argitaratu zuenaren arabera, Errenteriako Emakumeen Taldeak deitu bazuen ere, partidu ezkertiarrak, bizilagunen elkarteak, herriko erakundeak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Udala ere batu ziren grebara. Langileek ere babestu zuten greba. Goiz-goizetik batzarrak egin ziren lantegietan eta hiriguneko taberna eta dendak itxi zituzten. Errepide nagusia ere moztu zuten kamioiak, trailerrak eta autobusak erabiliz. Kamioi horietako batzuk bezperatik zeuden bertan, izan ere, aurreko egunean Karlos Saldiseren, Herri Batasunako lezoar militantearen, erailketa salatzeko mobilizazioa egin zen.

Gauez izan zen manifestazioa, Alamedan kontzentrazioa egin ondoren. “Emakumez bete ziren kaleak, eskutan antortxak genituen. ‘Kaleak gureak ere badira’ oihukatzen genuen”, azaldu du Rufok.

40 urte beranduago, oraindik ere lelo bera entzun daiteke martxoak 8, azaroak 25 edo sexu-eraso kasu baten harira egindako kontzentrazio bakoitzean.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba